Koronabirusa
Asteazkenetik aurrera etxeratzeko agindua ezarriko dute muturreko arriskuan dauden Nafarroako udalerrietan
Eriz Lotina | EiTB Media
Etxeratzeko agindua 01:00etatik 06:00etara egongo da indarrean. Bilerak 10 pertsonara mugatuko dituzte kanpoaldean, eta herri bazkariak, kalejirak eta kaleko zezen-festak bertan behera geratuko dira.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Maria Chivite Nafarroako presidenteak datorren astetik aurrera Foru Erkidegoan indarrean sartuko diren neurriak aurreratu ditu, covid-19 pandemiaren bilakaera ikusita. Datorren asteazkenean indarrean sartuko diren neurriak hiru izango direla azaldu du buruzagiak: muturreko arriskuan dauden udalerrietan etxeratzeko agindua 01:00etatik 06:00etara; bilerak 10 pertsonara mugatuko dituzte kanpoaldean, eta herri bazkariak, kalejirak eta kaleko zezen-festak bertan behera geratuko dira.
Muturreko arriskuan dauden udalerrien zerrenda bat argitaratuko dutela erantsi du Nafarroako presidenteak, etxeratzeko agindua non aplikatuko den zehazteko.
Koronabirus kasuak atzemateko orduan "Nafarroa buruan" dela azpimarratu du Chivitek: "Kasuak bilatzen baldin badituzu, azkenean aurkituko dituzu". "Autobusetan baheketa egin duen erkidegorik ez dut ikusi", gogorarazi du.
"Ospitaleratzeen gorakada txiki bat izaten ari gara", onartu du.
"Arriskuan diren udalerrietan bereziki, neurri oso kirurgikoak" hartzearen alde agertu da Chivite. "Osasun publikoaren eta ospitaleen egoeraren inguruko beharrezko txostenak aurkeztuko ditugu, auzitegiek neurriak babes ditzaten", ziurtatu du agintariak.
Santos Indurain Osasun kontseilariak neurrien inguruko xehetasun gehiago eman ditu 12:00etan, prentsaurrekoan. Neurri berriak uztailaren 21eko 00:00etan sartuko dira indarrean, asteartetik asteazkenerako gauean, eta gutxienez uztailaren 29ra arte, osteguna, izango dira indarrean.
Gaurko datuekin etxeratzeko agindua "Nafarroako udalerrien ia % 80an" indarrean sartuko litzatekeela adierazi du.
"Ospakizunekin eta bidaiekin lotutako agerraldiak" saihesteko helburua dutela azaldu du Indurainek.
Zentzu horretan, Osasun kontseilariak jakitera eman duenez, Salouko agerraldiak dagoeneko 1700 positibo utzi ditu Foru Erkidegoan. Gainera, Lesakako baheketak 150 kasu baieztatu ditu. Azken orduetan 10 ospitaleratze izan dira Nafarroako ospitaleetan, horietako bi ZIUn.
Indurainen ahotan, neurriak "gutxienekoak eta ezinbestekoak" dira, pandemiari aurrea hartzeko eta positibo kopurua murrizteko. "Bizitza sozial, ekonomiko eta emozionalean eraginik txikiena izateko esku-hartze kirurgikoa bilatzen dugu", erantsi du.
"Batez ere lehen arretan nabaritzen ari dira positiboen gorakada eta intzidentzia handia", onartu duenez.
Positibo berrien % 90 Delta aldaera "kutsakorragoak" eragin dituela esan du kontseilariak.