Itxi

Koronabirusa

Kantabriako 53 udalerritan eta Kataluniako 161etan etxeratzeko agindua ezartzea baimendu du Justiziak

EiTB Media | Agentziak

Leer en Castellano

Gauzak horrela, gaueko mugikortasuna goizaldeko 01:00etatik 06:00etara mugatuko dute, koronabirusak eragin handia duen udalerrietan. Neurri horiek "beharrezkoak" eta "orekatuak" dira, Justiziaren arabera.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Kataluniako 161 udalerritan gauean etxeratzeko agindua ezartzeko baimena eman du bertako Justizia Auzitegi Nagusiak. Generalitateak neurria planteatu zuen, covid-19 pandemiari aurre egiteko.

Fiskaltzaren irizpidearekin ados, Kataluniako Auzitegi Nagusiak gauean mugikortasuna mugatzea babestu du 01:00etatik 06:00etara, uztailaren 23ra arte, 100.000 biztanleko 400 kasu baino gehiago gainditzen dituzten 5000 biztanle baino gehiagoko udalerrietan.

Koronabirusaren intzidentzia altua ikusita, bi erkidego gehiagok, Nafarroak eta Extremadurak, etxeratzeko agindua ezartzeko baimen judiziala eskatu berri dute.

Horrela, etxeratzeko agindua ezarri nahi duten erkidegoak gero eta gehiago dira. Honezkero, Kataluniak eta Valentziak gauean mugikortasuna mugatzeko Justiziaren babesa lortu dute; orain Nafarroak eta Extremadurak Kantabriarekin bat egin dute eskaeran.

Kanariar Uharteetan, ostera, bertako Auzitegi Nagusiak erkidegoko Exekutiboaren eskakizuna atzera bota zuen. Hala ere, Angel Victor Torresen Gobernuak Auzitegi Gorenaren aurrean helegitea aurkeztuko duela iragarri du.

Etxeratzeko agindua Kantabriako 53 udalerritan

Bestalde, Kantabriako 53 udalerritan gehienez sei pertsoen arteko bilerak baimenduko dira, eta etxeratzeko agindua ezarriko da 01:00etatik 06:00etara. Izan ere, neurri horiek "beharrezkoak" eta "orekatuak" direla uste dute Kantabriako Justizia Auzitegi Nagusiko magistratu gehienek, birusaren "kontrolik gabeko hedapena dela eta".

Ostiral honetan emandako epaian, neurri hori hartzeko baimena eman dio Kantabriako Gobernuari, eskualdeko 53 udalerritan, besteak beste, Santanderren eta Torrelavegan eta turista gehien biltzen diren udalerri batzuetan (Castro, Laredo, Suances, Noja eta Comillas), 14 egunez.

Kantabriako Justizia Auzitegi Nagusiaren ebazpenaren arabera, neurriak "beharrezkoak" eta "orekatuak" dira; izan ere, "koronabirusaren transmisioa kontrolik gabe dago, eta Kantabrian inoiz izandako positibotasun-tasarik handiena pilatzen ari da".

Albisteak (1)

Bideoak (3)