KORONABIRUSA
Nafarroak 399 positibo berri atzeman ditu, bezperan baino 64 gehiago
Eider Garaikoetxea O. | EITB MEDIA
Iruñerria da eremu kaltetuena. Arrotxapean eta II. Zabalgunean 21 eta 20 kasu zenbatu dituzte, hurrenez hurren.
Azken bi egunetako joera irauli da Nafarroan, eta kasuek gorako bidea hartu dute berriro. Azken 24 orduetan 399 positibo berri zenbatu dituzte, Foru Gobernuak emandako datuen arabera. Erdiek pasak (% 52) 15 eta 29 urte bitartean dituzte.
Igandean 2.452 diagnosi-proba egin ziren guztira eta, beraz, positibitatea % 16,3koa izan zen.
Bezperan baino 64 kasu gehiago dira, eta duela astebete baino 31 gehiago. Dena dela, duela 14 eguneko datuak gogoratuz gero, 108 kasu gutxiago dira.
Kasu gehiago pilatzen dituzten udalerri edo guneei dagokienez, Iruñeko bi auzo daude denen buru: Arrotxapea eta II. Zabalgunea, 21 eta 20 positiborekin, hurrenez hurren. Ermitagaña (19 kasu) eta Lizarra (14) ageri dira zerrendan horien atzetik.
Azken orduetan sei pertsona ospitaleratu behar izan dituzte, horietako bat ZIUn. Hala, gaur egun 61 lagun daude erietxean, horietatik 12 zainketa intentsiboetan.
Ez da azken orduetan inor hil covid-aren eraginez.
Etxeratzeko agindua
Maria Chivite Nafarroako presidenteak asteazkenetik aurrera Foru Erkidegoan indarrean sartuko diren neurriak aurreratu ditu, covid-19 pandemiaren bilakaera ikusita: muturreko arriskuan dauden udalerrietan etxeratzeko agindua 01:00etatik 06:00etara; bilerak 10 pertsonara mugatuko dituzte kanpoaldean, eta herri bazkariak, kalejirak eta kaleko zezen-festak bertan behera geratuko dira.
Muturreko arriskuan dauden udalerrien zerrenda bihar argitaratuko dutela erantsi dute, etxeratzeko agindua non aplikatuko den zehazteko.
Koronabirus kasuak atzemateko orduan "Nafarroa buruan" dela azpimarratu du Chivitek: "Kasuak bilatzen baldin badituzu, azkenean aurkituko dituzu". "Autobusetan baheketa egin duen erkidegorik ez dut ikusi", gogorarazi du.