KORONABIRUSA
Kutsatzeek gora egin dute berriro Nafarroan, 400eko langa igarota
Eider Garaikoetxea O. | EITB MEDIA
Espainiako Estatuan pilatutako tasa handienetakoa du Foru Erkidegoak: 892 kasu 100.000 biztanleko.
Astea abiatzearekin batera, ohi bezala, gora egin du kutsatzeen kopuruak Nafarroan. Astelehen honetan, 438 positibo berri zenbatu dituzte, Foru Gobernuak emandako behin-behineko datuen arabera.
Bezperan baino 39 gehiago dira, baina duela astebete baino 46 gutxiago eta duela 14 egun baino 13 gutxiago.
Azken egunetan bezala, Iruñerrian atzeman dituzte positibo gehien (148); Azpilagaña auzoan, esaterako, 20 kutsatze zenbatu dituzte. Lizarran 17 atzeman dituzte, eta Tuteran, 16. Gainerakoan, Iruñeko Arrotxapean eta II. Zabalgunean 15na kasu hauteman dituzte.
Espainiako Estatuan 100.000 biztanleko 14 eguneko intzidentzia-tasa metatu handienetakoa du Foru Erkidegoak: 892. Kutsatzeen soka eteteko asmoz, egoera makurrena duten herrietan etxeratze agindua ezarri nahi du Chiviteren Gobernuak, baina epaileen baimena behar du horretarako. Nafarroako Auzitegi Nagusiak gaur eman lezake ebazpenaren berri.