Itxi

AEB

Pablo Ibarren defentsak epaiketa errepikatzea eskatu du, “eskubide konstituzionalak” urratu zizkiotelakoan

Agentziak | EITB Media

Leer en Castellano

Hiru pertsonaren hilketaren errudun jo ondoren, biziarteko kartzela-zigorra ezarri zioten 2019an, eta kondena hori bertan behera uztea eskatu du.

Pablo Ibar epaiaren zain. Argazkia: EFE.

Pablo Ibarren defentsak apelazio-idatzi bat aurkeztu du Floridako Auzitegian (AEB), euskal jatorria duen presoa hiru hilketaren errudun jo zuen epaiketa errepikatzea eskatzeko. Izan ere, azken prozesuan akusatuaren "eskubide konstituzionalak" urratu zirela uste du defentsak, Pablo Ibar elkarteak ohar baten bidez jakitera eman duenez.

Pablo Ibar Okeechobee (Florida) hiriko espetxean dago egun, Casimir Sucharski gaueko lokal baten jabearen eta Sharon Anderson eta Marie Rogers gazteen hilketaren egile gisa jo ondoren.

Aurkeztutako idazkian, Joe Nascimiento abokatuak hamahiru arrazoitan oinarritu du apelazio-errekurtsoa; horrekin, 2019an epaimahai batek ezarritako biziarteko espetxe-zigorra baliogabetzea eta, horrez gain, epaiketa berri bat egitea eskatu du.

Abokatu estatubatuarrak deitoratu du epaiketan "irregulartasun ugari eta partzialtasunez hartutako erabakiak" egon zirela, eta salatu du Dennis Balley epaileak, azken prozesua zuzendu zuenak, "eskubide konstituzionalak urratu" zituela.

Hurrengo urratsak

Aurkeztutako apelazioarekin, Pablo Ibarren inozentzia frogatzeko makineria judiziala berriro aktibatu nahi du defentsak. 27 urte dira hilketa horiek gertatu zirenetik, Miramarko etxebizitza batean, Miamitik gertu. Hala, orain, apelazioaren testua Fiskaltzari helaraziko diote, egokitzat jotzen dituen alegazioak egin ditzan.

Ondoren, defentsak beste txanda bat izango du akusazioaren argudioei erreplika egiteko, eta, ostean, Apelazio Auzitegiak bi aldeen argudioak aztertuko ditu, eta deliberazio-prozesu bat irekiko du bere erabakia eman aurretik; emaitza epaiketa berriro errepikatzea edo eskaera ukatzea izango da.

Ebazpen hori, defentsako iturrien arabera, urtebete atzeratu daiteke. Apelazioak aurrera egiten ez badu, defentsak Floridako Auzitegi Nagusira joko du.

Albisteak (3)