Itxi

Ebazpena

Nafarroako Auzitegi Nagusiak etxeratze agindua ezartzea baztertu du

Agentziak | EITB Media

Leer en Castellano

Nafarroako Gobernuak etxeratze agindua ezarri nahi zuen gauerditik aurrera, koronabirus kasu gehien dituzten udalerrietan.

Iruñeko kaleak, San Fermin bezperan. Argazkia: EITB Media

Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietarako Salak ezetsi egin du Nafarroako Gobernuak gauetan etxeratzeko agindua ezartzeko egin zuen eskaera. Gaurko gauerditik aurrera ezarri nahi zuen neurria Gobernuak, covid-ak gogorren jo dituen udalerrietan.

Ostiralean, Santos Indurain Osasun kontseilariak egoera epidemiologikoaren aurrean, Nafarroan kasu kopurua etengabe biderkatzen ari zela eta, neurriak hartzea komeniko litzatekeela adierazi zuen.

Neurri horien artean berriena zen arrisku "oso altuko" udalerrietan 01:00etatik 06:00etara gaueko mugikortasuna mugatzea. Nafarroako udalerri guztien % 80ra iritsiko litzateke erabakia, herritar guztien % 90engana. Eta hori da Auzitegiak baztertu duena. Nafarroako Gobernuak neurri berriak gaur gauerdian indarrean sartzea aurreikusten zuen, asteartetik asteazkenerako gauean, eta uztailaren 29ra arte egongo litzateke indarrean.

Hain zuzen ere, gaur goizean Maria Chivite presidentea "itxaropentsu" agertu da, Auzitegiaren erabakiaren aurrean.

Zehaztasun falta eta polizia-txostenen eskasia

Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak jakitera eman duenez, Administrazioarekiko Auzien Salak uste du etxeratze agindua ezarri ahal izateko Nafarroako Gobernuak kaltetutako udalerriak eta horietako kutsatzeen datu zehatzak identifikatu behar zituela.

Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak ebazpenean azaldu duenez Gobernuak emandako datuak kutsatzeen igoerari, ospitaletako egoerari, ZIUen okupazioari eta erkidegoko txertaketari buruzkoak dira, baina ez dira "proposatutako etxeratze-aginduak eragin ditzakeen herri zehatz horiei buruzkoak".

Horrenbestez, zehaztapen hori gabe, Auzitegiak uste du "ezin duela erabaki herritarren zirkulazio askerako oinarrizko eskubidean muga bat ezartzea neurri egokia den ala ez". Hala, zalantzan jarri du nahi zen helbururako ezinbesteko neurria ote den, "herri horietarako hain gogorrak ez diren eta proportzionalagoak izan daitezkeen" beste neurri batzuen ordez.

Hala ere, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak aitortu duenez, aurkeztutako txostenetatik ondorioztatzen da birusaren eraginaren igoeraren jatorria "batez ere gaueko aisialdiarekin lotuta " dagoela, eta etxeratze-aginduaren neurriak elkartze horiek "bide publikoan gertatzea" ahalbidetuko lukeela.

Auzitegiak gaineratu duenez, Poliziaren txostenak ez dira nahikoak "botila-festa handi horiek kontrolatzeko zailtasunari dagokionez", eta "ezin da jakin kontrolaren zailtasun hori biztanle gutxiko herrietan ere gertatzen den".

Foru Agindu berriak, halaber, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak baimendu dituen beste bi neurri jasotzen ditu, hala nola Nafarroako lurralde osoan aire librean bil daitezkeen pertsonen kopurua 10 baino gehiagokoa ez izatea.

Gainera, kalejirak, herri bazkariak eta zezenketak bertan behera utzi dituzte zezen-plaza gisa katalogatu ez diren espazioetan, eta horrek bigantxen entzierroei eragiten die.

Albisteak (3)