Itxi

Arkitektura

Open House Bilbao 2021 jaialdiak urriaren 16an eta 17an zabalduko ditu ateak

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Aurten ere, urteko gainerako egunetan itxita dituzten hainbat eraikin bisitatu ahalko dituzte herritarrek.

Arriaga antzokia, aurreko edizioetan bisitatu ahal zen eraikinetako bat. Argazkia: Begoña Barrutia

Open House Bilbao jaialdiak bosgarren edizioa izango du urriaren 16an eta 17an, 'Hiri osasungarria' izenburupean. Horrela, aurten ere, Bilbok bat egin du Open House Worldwide Nazioarteko Sarea osatzen duten 45 hirien baterako ekintzarekin, arkitekturan eta hirigintzan bikaintasuna zabaltzeko eta defendatzeko.

Bilboko Udaletik jakinarazi duetnez, iaz egin zen moduan, antolatzaileen kontrol gaitasuna handitzeko eta programaturiko espazioetan eta jardueretan segurtasun maila handiagoa bermatzeko, Bilbora mugatuko dira irekiko diren eraikinak.

Izan ere, aurtengo edizioan osasun egoerak sortutako errealitateari helduko zaio berriro, eta horretarako, behar diren neurrietara egokituko da. Aukeratutako gaia ere -'Hiri osasungarria'-, errealitate berri horri lotuta dago.

"Pandemiak agerian utzi du gure kaleak eta auzoak berriro pentsatzeko beharra, harremanetarako hurbileko berdeguneak sortzearen garrantzia, espazio inklusiboak, kulturarako, mugikortasun jasangarrirako, hurbileko merkataritzarako", azaldu dute.

Aurtengo edizioak, publiko zabal eta askotarikoarengana iristeko diseinatutako eta pentsatutako jarduera programa baten bidez, hausnarketa bat planteatzen du hiriek osasuna eta ongizatea hobetzeko duten erronka handiari buruz.

"Hiriak eredu inklusiboagoetara, seguruagoetara eta jasangarriagoetara ari dira aldatzen, pertsonak diseinuaren erdigunean daudela, bizimodu osasungarriak erraztuz eta jarduera fisikoa egitea eta oinez edo bizikletaz joatea sustatuz", nabarmendu dute.

Aurreko edizioan, hiriko espazio publikoetara egindako bisitak sartu ziren programan lehen aldiz Bilbon, eta bisitarien harrera ona izan ondoren, aurten gune berriak hautatu eta bisitatuko dira, hainbat alderdi aztertzeko aukera emango dutenak, hala nola azpiegitura berdea, hiri-erresilientzia, erabilera sozialak eta mugikortasun osasungarria.

Halaber, balioetsiko dira diseinuan eta eraikuntzan kontzientzia ekologikoa erakusten duten obrak eta proiektuak, autosufizientzia energetikoa eta material jasangarriak bezalako gaiak txertatuz.

Helburua pentsamendu kritikoa sustatzea da, espazio publikoan nola erabiltzen, mugitzen eta erlazionatzen garen kontuan hartuta, ezagutza eta kontzientzia emateko eta hiriari, bertako espazioei, plazei eta kaleei buruzko hausnarketa kolektiboko prozesu bat bultzatzeko.

Premisa horiekin, kultur programa zabala diseinatuko da, eta bertan, berriro ere, espazio eta obra arkitektonikoen hautapen landua eta jarduera arkitektoniko kultural espezializatuen sustapena azpimarratuko dira, publiko zabal eta askotarikoari zuzenduta.

Aurten, gainera, 'Autore bisitak' formatua gehituko zaio programari, eta proiektu eta espazioen diseinatzaileekin bisitak egiteko aukera emango du.

Espazioen kopurua eta taldeen tamaina, baita bisitetan eta jardueretan aldez aurretik izena eman behar den ala ez, osasun egoeraren bilakaeraren araberakoa izango da, baina une oro bermatuko da eskatutako segurtasun baldintzak betetzen direla. Edozelan ere, talde kontrolatuak ezarriko dira eta inor ezin izango da instalazio batera sartu boluntario baten laguntzarik gabe.

BOLUNTARIOAK

Ehunka boluntarioren konpromisoari, inplikazioari eta parte hartzeari esker egiten da Open House Bilbao jaialdia. Iaz, egoera berezia izan arren, 350 pertsonak hartu zuten parte boluntario modura.

Aurtengo edizioan parte hartu nahi duenak openhousebilbao.org web orrian eman dezake izena. Gainera, boluntarioen programari buruzko edozein argibide nahi izanez gero, posta elektronikoaren bidez egin daiteke harremana: boluntario@openhousebilbao.org

Open House Bilbao OUT elkarteak diseinatu eta antolatutako eta Bilboko Udalak babestutako ekitaldia da. OUT irabazi asmorik gabeko elkartea da, tokikoa, hiri berritzean, arkitekturan, eta herritarren parte hartzean interesa duten arkitekto gazteek eratua.

"Aukera bat da herritarrek beren uriaren inguruko kontzientzia dezaten arkitekturaren eta hirigintzaren bidez. Ekitaldi honen bidez, gai horiek ezagutzera ematen dira, haien zabalkundea egiten eta jendarteratzen da publiko zabal baten artean, eta parte hartzearen bidez egiten da", adierazi dute.