Ekitaldia
Euskal Encounterren 29. edizioak 540 ordenagailu izango ditu
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Espainiar Estatuan aurrez aurre egingo den mota horretako lehen hitzordua izango da, baina ekitaldia edukieraren ia % 90eko murrizketarekin egingo da.
Euskal Encounterren 29. edizioa aurrez aurreko formatura itzuliko da aurten, baina edukiera askoz txikiagoarekin, 540 ordenagailu. Aurrez aurre ospatu zen azken edizioan, 2019an, 5.100 ordenagailu egon ziren erabilgarri.
Edukiera ia % 90 murrizteak, osasun segurtasunak, higieneak, aireztapenak eta distantzia neurriekin batera, "ekitaldia lasaitasun osoz gozatzeko aukera emango du", azaldu du Sabino San Vicente Euskaltel Fundazioko zuzendari eta Euskal Encounterreko koordinatzaileak.
Informatika zaleen bilera uztailaren 22tik 25era izango da, BECen, eta Espainiar Estatuan modu presentzialean ospatuko den lehen hitzordua izango da, antolatzaileek nabarmendu dutenez.
"Euskal Encounterren edizio hau aurrez aurreko ekitaldietara itzultzeko lehen urratsa da. Urte eta erdiz jaiak online ospatu ondoren, Encounterraren deseskalatzeakin hasteko unea dela iruditzen zaigu", gaineratu du San Vicentek.
Hori dela eta, antolakuntzak, edizio berezi honetan, aurrez aurreko edozein "party" ren mailako programa baten aldeko apustua egin du, bere arlo tradizionaletan dozenaka lehiaketa eta jarduera eginez: sormen digitala, hardwarea, programazioa eta bideo-jokoak.
Euskaltelek eskaintzen duen konektagarritasuna izango da hitzorduaren indarguneetako bat. Euskaltelek eskainitako 60 gigei esker Estatuko ekitaldirik azkarrena bihurtuko da, Iruri Knörr Euskalteleko Marketin Digitaleko arduradunak azaldu duenez.
Leyre Madariaga Eusko Jaurlaritzako Eraldaketa Digitalaren eta Ekintzailetzaren zuzendariak azokan modu telematikoan eta irekian gai espezializatuei eta interes orokorrei buruz zabalduko den prestakuntza-eskaintza azpimarratu du.
Uztailaren 22tik 24ra bitartean, 28 hitzaldi eta tailer emango dira bideojokoen diseinatzailearen rolari, ekintzailetzari, kriptomoneten munduan sortzen ari diren iruzur motei, adimen artifizialen aplikazioei eta zibersegurtasunari buruz.
Saio horiek Euskal Encounterren Youtubeko kanalaren bidez emango dira zuzenean, eta "festaren" berri Twitchen jarraitu ahal izango da, BECetik emango den Encounter TV programari esker.