KORONABIRUSA
Hirugarren egunez jarraian, gora egin dute kutsatzeek Nafarroan
Eider Garaikoetxea O. | EITB MEDIA
459 positibo berri atzeman dituzte, bezperan baino 20 gehiago. Gauerditik indarrean daude kanpoaldean 10 pertsona baino gehiago biltzeko debekua eta herri bazkariak, kalejirak eta entzierroak galarazten duena.
Nafarroak hiru egun daramatza jarraian kutsatzeen gorakadarekin. Joera horri jarraikiz, 459 positibo atzeman dituzte astearte honetan, Foru Gobernuak emandako datuen arabera.
Atzokoan 3.077 proba diagnostiko egin zituzten, eta horietatik % 14,9 positibo izan ziren.
Bezperan baino 20 gehiago dira, baina duela astebete baino gutxiago (orduko hartan 532 izan ziren, atzo baino 73 gehiago). Duela 14 eguneko datuei erreparatuta, ordea, nabarmen gutxiago zenbatu ziren (333; hots, 126 gutxiago).
Tuteran atzeman dituzte positibo gehien: 24. Gertu ditu, dena den, Iruñeko Arrotxapea auzoko 21 kasuak. Lizarran 17 izan dira; Barañainen, 16, eta Iruñeko Txantrea eta Iturrama auzoetan, 15na.
Datu txarroi aurrea hartu nahi die Chiviteren gobernuak, eta gauerditik indarrean daude murrizketa berriak. Hori horrela, debekatuta dago kanpoaldean 10 pertsona baino gehiago biltzea, eta galarazita, era berean, herri bazkariak, kalejirak eta entzierroak egitea. Nafarroako Gobernuak etxeratze agindua ere ezarri nahi zuen, baina ez du epaileen babesa lortu neurri hori indarrean jartzeko.
Nafarroako erietxeei dagokienez, 69 pertsona daude ingresatuta (aurreko egunean baino 10 gehiago) eta horietatik 12 ZIUn daude (bi gehiago). Zorionez, azken 24 orduetan ez da inor hil, eta pandemia hasi zenetik hildakoen kopurua ez da handitu (1.193).
Astearte honetan 6.489 pertsona txertatu dituzte, eta guztira, 361.324 nafarrek dute koronabirusaren kontrako immunizazio osoa.