Memoria historikoa
Euskadin, Gerra Zibilean egindako 2.040 bonbardaketa baino gehiago dokumentatu ditu Eusko Jaurlaritzak
EITB Media
Hala jasotzen du Gogora Institutuak bultzatu eta Xabier Irujo historialariak garatutako txosten luzeak, "Atlas de bombardeos en Euskadi (1936-1937)" izenekoak.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Gerra Zibilean Euskadin izandako bonbardaketak ikertzeko lana aurkeztu du gaur Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak. Xabier Irujo historialari eta Nevadako unibertsitateko Euskal Ikasketen Zentroko zuzendariak egin du lana, Gogora Institutuak bultzatuta; ikerketaren izenburua hauxe da: "Atlas de bombardeos en Euskadi (1936-1937)".
Irujoren ikerketa-lanak egiaren alde egindako ekarpena azpimarratu du Artolazabalek, eta, nabarmendu du Euskadin, guztira, 127 herri bonbardatu zirela, eta horietatik guztietatik Gernika ikur bilakatu dela.
Sailburuak azpimarratu duenez, atlas horretan jasotzen den bezala, eraso faxista gehienak "ez ziren taktikoak izan, ezta estrategikoak ere; herritarren artean beldurra eragitea eta atzeguardian morala haustea zuten helburu".
Aurkezpenean jakitera eman dutenez, eta lanak hala erakutsi duenez, guztira 1.441 pertsona hil ziren bonbardaketen ondorioz. Hala ere, Irujok azaldu du identifikatu gabeko biktimak askoz gehiago izan zirela. Halaber, bi datu nabarmendu ditu: emakumeen % 57,82 eta 14 urtetik beherakoen % 48,79 bonbardaketa baten ondorioz hil ziren gerra iraun artean.
1936ko uztailetik 1937ko uztailera bitartean Euskadin egindako 1.220 eraso jasotzen ditu ikerketa-lanak. Aldi horretan, Euskadiko 127 herri, Kantabriako 1 eta Nafarroako 4 bonbardatu zituzten. Azaldutakoaren arabera, bonbardaketa-operazio bat aireko unitate batek, edo batzuek, helburu bakar baten gainean egindako eraso multzo bati dagokio, gerra egun batean. Hori dela eta, operazio batean bonbardaketa bat edo gehiago egin ahal ziren. Hala, epe horretan, 2.042 bonbardaketa izan ziren, 1.870 matxinatu faxistek egindakoak eta 172 errepublikanoek egindakoak.
Lanaren hedapena errazteko, "Atlas de bombardeos en Euskadi (1936-1937)" argitalpenean zehazten diren puntuak geolokalizatu dituzte. Horrela, erabiltzaileak zuzenean ikus ditzake eraso bakoitzaren datu garrantzitsuenak eta atlasaren orrialdearen erreferentzia, informazioa zabaldu ahal izateko.
Euskadiko Memoria Historiko eta Demokratikoaren Legearen aurreproiektua
Halaber, Artolazabalek iragarri du Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak uztailaren 27an onartuko duela Euskadiko Memoria Historiko eta Demokratikoaren Legearen Aurreproiektua, biktimen memoriaren "egia eta lehengoratze" printzipioetan oinarrituta.