Koronabirusa
Asteburuetan eta jaiegunetan etxeratzeko agindua ezartzeko baimena eskatu du Nafarroako Gobernuak
Agentziak | EITB Media
Asmoa da gauean izan daitezkeen topaketak eta ospakizunak saihestea, bi astean 250 kasu baino gehiago edo astebetean 125 kasu baino gehiago atzematen dituzten udalerrietan. Agindua uztailaren 24tik 28ra bitartean indarrean egotea espero du Foru Gobernuak.
Positibotasun-tasa altua duten Nafarroako udalerrietan, asteburuetan eta jaiegunetan etxeratzeko agindua ezartzeko baimena eskatu dio ostegun honetan Nafarroako Gobernuak Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiari (NJAN). Agindua uztailaren 24tik 28ra bitartean indarrean egotea espero du Foru Gobernuak, covid-19ari aurre egiteko. Bigarrengoz saiatu da etxeratzeko agindua lortzen, epaileek aurreko eskaera "zehaztasun faltagatik" baztertu ostean.
Javier Remirez Nafarroako Gobernuko lehen presidenteorde eta bozeramaileak azaldu duenez, egun horiek, asteburu bat izateaz gain, Santiago eguna ere badute, eta urte normaletan, herriko jai ugari ospatzen dira, aurten bertan behera geratu diren arren. Hala, araudiaren bidez, "gaueko topaketak eta ospakizunak saihestu nahi dira, Nafarroan, oro har, kezkatzen gaituen interakzio sozial handiko asteburu batean".
Proposamen berrian, Foru Gobernuak etxeratze-aginduaren "beharrari" eusten dio, "baina asteburuetara eta jaiegunetara mugatuta, bi astean 250 kasu baino gehiago edo astebetean 125 kasu baino gehiago atzematen dituzten udalerrietan. Hau da, 'arrisku handia' deritzon intzidentzia duten herrietan".
Gainera, asteburuetatik eta jaiegunetatik haratago, herriko jaiak egun horietan ospatu ohi dituzten udalerrietan ere etxeratzeko agindua ezartzeko baimena eskatu du Nafarroako Gobernuak, 'ez-jaietan' gaueko topaketak eta ospakizunak saihestu eta mugikortasuna mugatzeko.
Auzitegiaren ebazpena aztertu ostean, irizpide berriekin etxeratzeko agindua ezartzeko baimena lortuko dutela uste du Foru Gobernuak. Izan ere, "neurri zehatzagoa eta kirurgikoagoa" da. "Horrekin, epaitegiaren eskakizunak betetzen ditugula uste dugu", esan du Remirezek.