KORONABIRUSA
Bi pertsona hil dira covid-19ak jota Nafarroan
Eider Garaikoetxea O. | EITB MEDIA
Horrez gain, gora egin dute ospitaleratzeek, eta bi pertsona gehiago dituzte orain ZIUetan.
Bi pertsona hil dira covid-19arekin Nafarroan, eta ospitaleetako egoerak ere okerrera egin du azken orduetan.
Foru Gobernuak emandako datuen arabera, 447 positibo berri zenbatu dituzte. Bezperan baino 13 gehiago dira, baina duela astebete baino 175 gutxiago. Nolanahi ere, duela 14 egun erregistratutako datuekin alderatuta, 172 kasuko gorakada izan da.
Kutsatuak erietxeetara heltzen jarraitzen dute, eta ostegun honetan 11 pertsona ospitaleratu behar izan dituzte; horietatik bi, ZIUetan. Hala, 79 pertsona daude gela arruntetan, eta 14, zainketa intentsiboetako unitateetan.
Azken 15 egunetako joera hautsita, bi pertsona zendu dira koronabirusak jota (80 eta 93 urteko bi emakume) eta guztira 1.195 dira pandemian hildakoak.
Kasu gehien pilatzen dituzten udalerri edo guneei dagokienez, Iruñeko Arrotxapea auzoa da denen buru, 24 positiborekin. Ondoren daude Zizur Nagusia eta Iruñeko Donibane auzoa, 19narekin. Gainerakoan, Sarrigurenek eta Lizarrak 17na kutsatze zenbatu dituzte, eta Iruñeko Mendillorri auzoan 16 izan dira.
Testuinguru honetan, eta covid-19ari balazta jarri nahian, asteburu, jaiegun eta ez-jaietan etxeratze agindua ezarri ahalko du Nafarroako Gobernuak 01:00a eta 06:00ak bitartean, bermea eman baitio Auzitegi Nagusiak.