ELKARRIZKETA
Miren Basaras: "Denok jarri behar dugu geure aldetik, hau luzerako da, ez da kurba jaistearekin amaituko"
Olatz Prat | EITB Media
EHUko mikrobiologoak dioenez, kutsatzeak geldiaraztea beharrezkoa da, izan ere, "trasmisioa zenbat eta altuagoa izan, aukera gehiago ematen diogu birusari aldatzeko".
Covid-19aren zurrunbilotik ateratzeko, ardura indibidualean baino ardura kolektiboan jartzen du fokua Miren Basarasek (Bilbo, 1968). EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko Immunologia, Mikrobiologia eta Parasitologia saileko irakaslea da. Pandemiaren olatu betean gaudenean, egoera perspektibaz ulertzeko gakoen eta olatu honetatik irteteko lehentasunen inguruan galdetu dio EITB.EUSek.
Kutsatze eta positibitate-tasa markak hautsi dira EAEn azken egunetan, aurreikus zitekeen olatu hau?
Nik olatu baino uhinak deitzen diet, olatu berean baikaude hasieratik, birusaren intzidentzia ez delako 0ra jaitsi eta birusa gure artean egon delako beti. Hori esanda, esango nuke uhin epidemiko hau aurreikusita zegoela; duela hilabete pasa hasi ziren neurriak lasaitzen, eta neurriak lasaitutakoan, badakigu zer gertatzen den. Bat egin dute, gutxienez hiru elementuk, Mallorcan nahiz gertuago izan diren jende-pilaketak, musukoaren erabilera lasaitzeak eta birusaren aldaera berri bat. Horrek denak kutsatzeen eztanda bat ekarri du. Neurriak lasaitzearekin eta txertaketarekin kaleratu den mezua edo jendeak hartu duena izan da hau konpondu dela, baina hori ez da hala. Erlaxatu garen orduko, kasuak igo egin dira eta aldaerak indarra hartu du.
Hala eta guztiz ere ospitaleetako egoera ez da aurreko igoaldietakoa bezain estua.
Ez, ospitaletan egoera ez da berdina. Baina ikusten hasi gara egunetik egunera, pixkanaka gora doala, nahiz eta larri dauden pertsonak gutxiago izan. Hori, txertaketari esker izan da, zalantzarik gabe, baina, hala eta guztiz ere, ikusten ari gara erabat txertatutako jendea ere iristen ari dela ospitaletara, izan ere txertoek ez dute % 100eko immunitatea ematen, are gutxiago delta aldaera honekin.
Era berean, ikusten ari garena da, gaixotzen diren horietako asko, txertoari esker, sintoma gutxiagorekin edo sintomarik gabe pasatzen dutela, baina, gerora izan ditzaketela albo-ondorioak (nekea, buruko mina, kontzentrazio falta...) ere, txertaketak ez baitu hori ere guztiz saihesten, ez nagusietan, ez gazteetan.
Txertaketak ez du beraz, arazoa guztiz konpontzen ezta?
Ez, txertaketa osagai bat da, baina ez da bakarra. Hemen txertaketa-datuak onak dira, jende gehiena txertatzera doa eta oso jende gutxik egin dio uko txertatzeari, baina une honetan dugun arazoa da intzidentzia eta transmisioa oso altua dela, transmisioa zenbat eta altuago izan orduan eta errazago izango da txertatuta dagoen jendea ere kutsatzea.
Positibitate tasa handia bada, esan nahi du birusa oso eroso transmititzen ari dela. Txertoa oztopoa da, noski, izan ere txertatutako pertsona horien defentsak aldatu dira eta aurre egiten dio birusari. Baina, horrek lehia bat sortzen du birusaren eta defentsen artean, eta birusak oztopo horiek gainditzera egingo du, eta horretarako bere burua aldatzen duenean sortzen dira aldaerak.
Beraz zenbat eta transmisio altuagoa eduki aukera gehiago ematen diogu birusari aldatzeko eta hori arazoa da, ez dakigulako ze aldaketa egingo dituen eta zer jokaera izango duen. Ezin diogu birusari aukera hori eman.
Hau luzerako da, ez dezagula pentsa txertaketarekin edo oraingo kurba hau jaistearekin amaituko denik kontua. Eta nabarmenduko nuke denok jarri behar dugula geure aldetik, ez badugu denok egiten, birusari hedatzeko eta aldatzeko aukera emango diogu eta are gehiago luzatuko da.
Musukoaren inguruko mezu kontraesankorrak igorri direla uste duzu?
Iruditzen zait okerreko mezua eman dela, Espainian musukoaren legea aldatu zenean, mezua izan zen 'kendu egingo ditugu maskarak', eta nire ustez, honakoa behar zuen izan: 'maskarak beharrezko izan behar du, salbu, kasu batzuetan', zeren 'maskara kendu dezakegu' esaten baduzu, jendea horrekin gelditzen da eta ez du ondoren datorrena irakurtzen edo entzuten.
Aire librean ere maskara erabiltzearen alde agertu zara, kanpoan ere bada arriskua?
Barruan askoz ere aukera gehiago dago kutsatzeko kanpoan baino, are gehiago aireztapena txarra dagoen lekuetan. Barruan bagaude ahalik eta denbora gehien eraman beharko genuke musukoa jantzita. Arriskua askoz handiagoa da barruan, are jateko edo edateko musukoa kentzen badugu.
Baina kanpoan ere bada arriskurik, gutxiago, noski, aire librean gaudelako. Hala ere, jende asko dagoen tokietan, esaterako, terrazetan edo jende pilaketak dauden tokian, zarata sortzen da eta zarata horren eraginez ozenago hitz egiten dugu, oihuka ere batzuetan. Orduan, indar handiagoa egiten dugu hitz egiteko, eta, listu partikulak, beraz, indar handiagoz kanporatzen ditugu, eta horrek arriskua dakar berekin.
Txertoek ematen dute halako babes-sentsazio gehiegizko bat?
Bai, orain gazteak, esaterako, lehen dosia jasotzen hasi dira edo hasiko dira. Esango nieke, ez dezatela pentsa dosi bakarra hartuta babestuak daudenik. Kontuan izan behar da txertoaren lehen dosia hartzen duzunetik hiru astera % 40ko babesa lortzen dela eta, bigarren dosia hartu eta bi astera lortzen dela babes handiagoa, txertoaren arabera, handiagoa ala txikiagoa.
Baina, delta aldaera berriarekin, txertoek erakutsi duten babes maila % 85ekoa da, eta horrek esan nahi du, guztiz txertatuta daudenen artean ere, badagoela % 15 bat birusaren aurrean babesik ez duena. Beraz, nahiz eta txertatuak egon, prebentzio neurriak bete behar ditugu.
Nolakoa aurreikus daiteke datorren ikasturtea ikastetxeetan?
Uste dut, pasa den ikasturtea nahiko ondo joan dela eta hartutako neurriek funtzionatu dutela oro har, kasuak egon dira noski, baina ondo joan da. Horrela jarraitu beharko dugu oraingoz. Irailean hasten garenean, batetik, 12 urtetik gorakoak ez dira guztiak guztiz txertatua egongo, beraz, txertatze hori osatu beharko da. Bestetik, 12 urtetik beherakoak ere badira, txertatu gabe egongo direnak. Ikusi da horiek ere kutsatzen direla eta kutsatzen dutela, horregatik haiek babestu behar ditugu eta, guztiok, babes-neurriak mantendu beharko ditugu.
Aurreikusten da ikasturte hasierako lehen lau hilabeteetan transmisioa altua izatea eta, beraz, neurri berdinekin jarraitu behar dugula iruditzen zait, aireztapena, burbuilak, distantziak, musukoak... Gero ikusi beharko da eboluzioa.
Autodiagnostiko testak salgai jarri dira aste honetan farmazietan. Zer abantaila eta zer arrisku ikusten dizkiezu?
Ona da eskura edukitzea, azken finean hor detektatu eta komunikatzen diren positiboak nolabait kaletik aterako direlako. Baina egia da, ardura beharko dela eta emaitza positiboak komunikatzea norberaren ardura izango dela. Dena den, arrisku handiena negatibo faltsuetan ikusten dut, berez, test horien eraginkortasuna ez delako % 100ekoa eta, horri gehitu behar zaio lagina bera ondo hartzea ez dela horren sinplea, nork bere buruari egitean, topea lehenago sumatzen duelako. Negatibo eman dezakezu, beraz, negatibo izan gabe, eta horrek segurtasun sentsazio faltsua eman dezake. Horregatik, negatibo emanda ere, beharrezkoa da prebentzio eta babes neurriak betetzea.