Itxi

Koronabirusa

12 eta 17 urte arteko adingabeetan Moderna txertoa erabiltzeko oniritzia eman du EMAk

Agentziak | EiTB Media

Leer en Castellano

Txertoa 18 urtez gorako pertsonetan bezala erabiliko dute. Besoaren goialdeko giharretan emango dute bi dositan, lau asteko tartearekin.

Moderna txertoaren ontzi bat. Argazkia: EFE

Sendagaien Europako Agentziako (EMA) CHMP Batzordeak Moderna txertoaren erabilera 12 eta 17 urteko adingabeetara zabaltzeko gomendioa eman du. Txertoa 18 urtez gorakoetan erabiltzeko baimena eman zuten dagoeneko.

Txertoa 18 urtez gorako pertsonetan bezala erabiliko dute. Besoaren goialdeko giharretan emango dute bi dositan, lau asteko tartearekin. CHMPk hartutako erabakiaren ostean, Europako Batzordeak txertoaren erabilera zabaltzeko aukera aztertuko du.

12 eta 17 urte arteko 3.732 umek parte hartu dute txertoaren ondorioak aztertzeko ikerketan. Spikevaxek 12 eta 17 urte arteko haurretan zein 18 eta 25 urteko gazteetan antzeko antigorputz erantzuna sortu du (SARS-CoV-2aren antigorputz maila neurtu dute).

Gainera, txertatutako 2.163 umek ez zuten covid-19a garatu. Itxurazko txertoa jaso zuten 1073 haurretatik lauk, ostera, gaixotasuna garatu dute. CHMPren arabera, txertoaren eraginkortasuna antzekoa da helduetan zein 12 eta 17 urte arteko nerabeetan.

12 eta 17 urte arteko umeetan albo-ondorio ohikoenak 18 urtez gorakoetan bezalakoxeak dira: injekzioaren tokian mina eta hantura, nekea, burukomina, giharretako mina, gongoil linfatikoak handitzea, hotzikarak, goragalea, oka eta sukarra. Hala ere, ondorio arinak izaten dira, eta egun gutxiren buruan desagertzen dira.

Ikerketan ume eta nerabe kopuru mugatua erabili dutenez, entseguan albo-ondorio berriak antzematea edo arriskua neurtzea ezinezkoa zela zehaztu du CHMPk. Horien artean, miokarditisa (bihotzeko giharraren hantura) eta perikarditisa (bihotzeko mintzaren hantura) bezalako albo-ondorioak aipatu ditu.

ARN mezularia

Moderna txertoak gorputza covid-19 birusari aurre egiteko prestatzen du. ARN mezularia (ARNm) molekula du, proteina buruak sortzeko. SARS-CoV-2 birusak gorputzeko zeluletan sartzeko behar duen proteina da.

Pertsona batek txertoa jasotzen duenean, zelula batzuek ARN mezulariaren jarraibideak irakurriko ditu, eta aldi batean proteina buruak sortuko dituzte. Pertsonaren sistema immunitarioak proteina arrotz bezala hartuko du orduan, antigorputzak sortuz eta T zelulak (globulu zuriak) aktibatuz.

Aurrerantzean pertsona SARS-CoV-2 birusarekin harremanetan badago, sistema immunitarioa defendatzeko prest egongo litzateke. Txertoaren ARNm ez da gorputzean geratuko, txertatu eta handik gutxira desagertuko da.

 

Albisteak (1)