Koronabirusa
Ostalaritzari ezarritako ordutegi berria indarrean da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Merkataritza jarduerak, ekitaldi sozialak eta ekintza kulturalak 01:00etarako amaituta egon behar dira. Lehendakariaren dekretua larunbat honetan sartu da indarrean, baina edukierari lotutako murrizketak astelehenetik aurrera ezarri beharko dira.
Larunbat gauerdian sartu da indarrean ostalaritzaren ordutegia eta establezimendu guztien edukiera mugatzen duen dekretu berria Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Hala, aurrerantzean jarduera komertzialak, ekitaldi sozialak eta ekintza kulturalak 01:00etan amaitu beharko dira.
Iñigo Urkullu lehendakariak zuzentzen duen LABI instituzionalak murrizketa berriak erabaki zituen joan den osteguneko bileran, koronabirusaren hedapena gelditzeko asmoz; izan ere, pandemia hasi zenetik positibo kopururik handienak antzeman dituzte azken egunetan.
Horrenbestez, gaurtik hasita tabernek eta jatetxeek 01:00etan itxi beharko dituzte ateak; orain arte 02:00ak arte zabalik egoteko aukera izan dute. Ordutegi bera ezarriko dute gainerako jarduera sozial eta kultural guztietan ere.
Horrez gain, lokal eta establezimendu guztietan, tartean ostalaritzan, edukiera-muga % 35era murriztuko dute. Edukierari lotutako neurri berriak, baina, datorren astelehenean ezarriko dira, eta ez larunbat honetan.
Halaber, astelehenetik aurrera jarduera sozialetan, ekintza kulturaletan eta kirol ekitaldietan bil daitezkeen pertsonen kopurua ere gehiago mugatuko dute. 1.600 pertsonarentzako edukiera duten tokietan, 400 sartu ahalko dira barrualdean, eta 600, kanpoaldean.
Edukiera 1.600 eta 5.000 pertsona artekoa bada, 600 ikusle sartu ahalko dira barrualdean, eta 800, kanpoaldean. 5.000 lagunetik gorako eremuetan, berriz, gehienezko edukiera % 20koa izango da.
Alabaina, osteguna baino lehenago kontratatutako ekitaldietan (kontzertuak, kongresuak, ezkontzak...) ez da edukiera-muga berria bete beharko.
Bestalde, LABIk gogora ekarri du aire zabalean musukoa erabiltzea derrigorrezkoa dela, 1,5 metroko segurtasun-tartea mantendu ezin bada. Hala, dekretuak zehazten du "maskararen erabilera nahitaezkoa" izango dela "jendea dabilen hiriguneetan".
Bestelako betebeharrak eta gomendioak
Bestalde, dekretu berrian arduraz jokatzeko deia egiten zaie herritarrei. Hala, kutsatuta egonez gero eta positibo baten kontaktu estua izanez gero aztarnariei abisua ematea eta konfinatzea ezinbestekoa dela gogoratzen du.
Horrez gain, nork bere borondatez betetzeko hainbat gomendio aipatzen dira dekretuan: 01:00etik 06:00etara etxean geratzea; taldean sei pertsona baino gehiago ez biltzea; eta covid-19aren sintomak izanez gero, etxean konfinatzea eta Osakidetzarekin harremanetan jartzea.