Koronabirusa
Positiboek behera egin dute Nafarroan, hirugarren egunez jarraian
EITB Media
Atzo 289 kutsatu atzeman zituzten, larunbatean 361 eta ostiralean 441. Positibotasun tasak, bestalde, behera egin du eta % 14,3an kokatu da.
Nafarroan, hiru egunez jarraian egin du behera covid-19ak kutsatutako positiboen kopuruak. Atzo 289 positibo zenbatu zituzten, larunbatean 361 eta ostiralean 441, Nafarroako Gobernuak zabaldutako datuen arabera.
Igandean 2.020 test diagnositiko egin ziren, eta positibotasuna % 14,3an kokatu da; azken bi asteetako datuekin alderatuta, beheranzko joera hartu du datu horrek. Zehazki, uztailaren 18an 399 positibo atzeman ziren, % 16,3ko positibotasunarekin.
Nafarroako Gobernuaren esanetan, azken egunean 12 pertsona gehiago ospitaleratu behar izan dituzte, horietako bi Zainketa Intentsiboetako Unitatean. Hala, Nafarroan guztira 94 pertsona daude ospitaleetan, horietatik 16 ZIUetan. Gainera, azken 24 orduetan ez da covid-19agatik heriotzarik egon Foru Erkidegoan.
Datuak herriz herri aztertuta, Berriozar (18 positibo), Lizarra (17) eta Tutera (15) nabarmentzen dira, baita Iruñea ere (74); hiriburuan, Arrotxapea eta II. Zabalgunea auzoetan hamarna kasu atzeman zituzten atzo.
Txertaketa kanpainari dagokionez, igandean 3.552 dosi eman dituzte; ondorioz, guztira 767.863 txerto jarri dituzte orain arte Nafarroan.