Itxi

Indarkeria matxista

Espetxeratu egin dute Berrizen bikotekidea hiltzen saiatu zen gizona

Agentziak | EITB Media

Leer en Castellano

Gizona astelehenean atxilotu zuten, ustez emakumeari arma zuri batekin labankada bat eman eta berarekin zihoan umetxoarekin ihes egiteagatik. Hilketa saiakera egotzi diote, eta Basauriko espetxean sartu dute.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Ertzaintzak atzo Berrizen atxilotu zuen 27 urteko gaztea Basauriko espetxean sartu dute gaur, ustez bere bikotekidea arma zuri batekin hiltzen saiatzeagatik. Ertzaintzak jakitera eman duenez, hilketa saiakera egotzi diote.

Gizonak labana batekin eraso egin zion emakumeari astelehen arratsaldean, 19:00ak aldera, Berrizko (Bizkaia) belodromoaren inguruan. Erasoak zauri larriak eragin zizkion biktimari lepoan, eta Gurutzetako Ospitalera eraman behar izan zuten helikopteroz.

Biktimak egoera larrian jarraitzen du Gurutzetako Ospitaleko suspertze Unitatean, pronostiko erreserbatuarekin. Bizkaiko Foru Aldundiak, bestalde, emakumea ospitalean dagoen bitartean haurtxoaren eta arrebaren ardura hartuko duela aurreratu du. Gainera, Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte politiketako sailburuak azaldu duenez, emakumeak hainbat salaketa jarri zituen aurretik gizonaren aurka, jazarpenagatik.

Ustezko egileak ihes egin zuen beraiekin zihoan haurtxoarekin, baina handik gutxira atxilotu zuen Ertzaintzaren patruila batek, gertaeraren lekutik ez oso urruti. Agenteek erasoan erabilitako arma ere aurkitu zuten.

Polizia-eginbideak amaituta, atxilotua Durangoko Epaitegiaren esku jarri dute gaur arratsaldeko lehen orduan, eta hark Basauriko espetxera eramatea erabaki du.

Albisteak (1)

Bideoak (1)