Itxi

Koronabirusa

Ospitaleetako presioak gora jarraitzen du, eta 1.572 positibo berri zenbatu dituzte Euskadin

Eriz Lotina | EITB MEDIA

Gainera, 10 pertsona hil ziren iragan astean covid-19aren ondorioz. Azken orduetan 63 pertsona ospitaleratu dituzte, azken balantzean baino 23 gehiago, eta koronabirusa duten 60 pertsona ZIUetan daude, bat gehiago. Koronabirusaren ondorioz, 232 lagun daude ospitaleetan, bezperan baino 23 gehiago.

PCR proba bat. Artxiboko argazkia: EFE

Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), 1.572 positibo berri zenbatu dituzte, bezperan baino 372 gehiago, egindako 11.647 proba diagnostikoetan. Ondorioz, positibotasunak gora egin du berriro, % 11,7tik % 13,5era. Gainera, 10 pertsona hil ziren iragan astean covid-19aren ondorioz.

Lurraldeka, 133 positibo berri zenbatu dituzte Araban (12 gehiago), 964 Bizkaian (281 gehiago), 433 Gipuzkoan (72 gehiago) eta 42 Euskaditik kanpo bizi diren pertsonetan, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak jakitera eman duenez.

Covid-19aren ondorioz 63 pertsona ospitaleratu zituzten atzo, azken balantzean baino 23 gehiago, eta koronabirusa duten 60 pertsona ZIUetan daude, bat gehiago. Koronabirusaren ondorioz, 232 lagun daude ospitaleetan, bezperan baino 23 gehiago.

100.000 biztanleko 14 eguneko intzidentzia-tasa metatua 853,98 kasura igo da, eta, datuak lurraldez lurralde aztertuta, 655,65koa da Araban, 875,42koa Bizkaian eta 844,74koa Gipuzkoan.

Gazteen artean birusaren intzidentziak gora jarraitzen du: 10-19 adin tartean 2476,03 kasukoa da, eta  2740,34koa 20-29 adin tartean. 30 eta 39 urte artekoen artean, aldiz, intzidentzia txikiagoa da, baina batez bestekoaren gainetik jarraitzen du: 962,55.

Gaitzaren oinarrizko birsorkuntza tasa 1,03ra jaitsi da EAEn. Lurraldeka, Araba 1aren azpitik kokatu da (0,98), baita ta Gipuzkoa ere (0,95) azken balantzeko joerari eutsiz; Bizkaiak, ostera, 1en gainetik jarraitzen du (1,09).

 

Gaur ere igo egin dira kasuak Nafarroan, 380 zenbatu dituzte

Bestalde, covid-19 kasuek gora egin dute, gaur ere Nafarroan, 380 kasu hauteman baitira, atzo baino 68 kasu gehiago, beraz, Nafarroako Gobernuak emandako behin-behineko datuen arabera. Hala ere duela 7 eguneko kopurutik (458) eta duela bi astekotik (532) behera mantentzen dira datuak.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Albisteak (4)