Koronabirusa
60-69 adin tarteko herritarrek txertaketa amaitu dute Euskadin
Agentziak | EiTB Media
% 91,8k bukatu dute txertaketa, 50-59 adin tartearen % 88,8k eta 40-49 adin tartearen % 82,1ek. Gainera, 12 urtez gorako biztanleen % 68,2 immunizaturik daude.
Euskal Autonomia Erkidegoan, immunizazio tasa % 94,3koa da 100 urtez gorako pertsonen artean, % 93koa 90-99 adin tartekoen artean eta % 96,6koa 80-89 adin tartean. 70 eta 79 urteko herritarren artean, % 95,4k txertaketa bukatu dute, 60 eta 69 urteko biztanleen artean % 91,8k eta 50 eta 59 urteko pertsonen artean % 88,8k, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak asteazken honetan jakitera eman duenez.
Gainera, 40-49 adin tarteko pertsonen % 82,1ek bigarren dosia jaso dute dagoeneko, 30-39 adin tarteko herritarren % 40,4k, 20-29 urteko gazteen % 15,7k, 16-19 tarteko biztanleen % 4k eta 12-15 urteko nerabeen % 0,3k.
Guztira, 1.349.787 herritar covid-19aren aurka guztiz immunizaturik daude, txertaketa bukatuta, hau da, 12 urtez gorako biztanleen % 68,2. Bestalde, 1.456.858 (% 73,6) pertsonak gutxienez dosi bat jaso dute jadanik, eta biztanleriaren % 1,8k kontraindikazioaren bat du edo txertoa jasotzeari uko egin dio.
Pfizer/Biontecheko 1.845.017 dosi eman dira Euskadin (889.549 bigarren dosi eta 40.517 dosi bakar); Modernako 257.023 (106.824 bigarren dosi eta 8.470 dosi bakar); AstraZenecako 473.972 (210.374 bigarren dosi eta 6.470 dosi bakar) eta Jansseneko 87.593 dosi bakar.