Itxi

Koronabirusaren semaforoa

Lazkao gorrira itzulita, Usurbil baino ez dago eremu gorritik kanpo EAE osoan

Olatz Prat | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Lazkao gorrira itzuli da, egun bat laranjan egon ostean. Usurbilen ere okerrera egin dute datuek eta horitik laranjara pasa da. 100.000 biztanleko 870 kasukoa da intzidentzia EAEn.

Grafikoa: EITB Media.

OHARRA: Koloretako semaforoak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 5.000 biztanletik gorako udalerrien egoera epidemiologikoa adierazten du, baina ez dakar herriak perimetralki ixtea, mugikortasuna librea baita alarma-egoera amaitu ondoren.

Lazkaon okerrera egin du egoerak azken orduetan eta gorrian jarri da berriro, gaur-gaurkoz Usurbil da eremu gorritik kanpo eusten dion EAEko herri handi bakarra, baina, hura ere, horitik laranjara igaro da, covid-19ak EAEn herriz herri izan duen eragina neurtzeko duen Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren semaforoaren arabera. Bizkaian eta Araban udalerri guztiak daude eremu gorrian.

Arabak (656 kasu 100.000 biztanleko) eremu gorrian jarraitzen du, baita Gasteiz hiriburuak eta Arabako beste hiru udalerriek ere (Agurain, Amurrio eta Laudio).

Horrenbestez, ez dago udalerri handirik eremu laranjan, horian edo berdean Araban.

Bizkaia ere (911 kasu 100.000 biztanleko) eremu gorrian dago, baita Bilbo eta lurraldeko udalerri guztiak ere; Bizkaian ez dago herri bakar bat ere eremu laranjan, horian edo berdean.

Gipuzkoa (839 kasu 100.000 biztanleko) eremu gorrian dago, baita hiriburua eta ia herri guztiak ere: Andoain, Arrasate, Aretxabaleta, Astigarraga, Azkoitia, Azpeitia, Beasain, Bergara, Deba, Donostia, Eibar, Errenteria, Hernani, Hondarribia, Irun, Lasarte-Oria, Legazpi, Lezo, Mutriku, Oiartzun, Oñati, Ordizia, Orio, Pasaia, Tolosa, Urnieta, Urretxu, Villabona, Zarautz, Zumaia eta Zumarraga.

Lazkaok egun bat egin du laranjan baina gorrira itzuli da berriro. Laranjan jarri dena Usurbil, horiari eutsi ezinda kolorez aldatu da eta eremu gorritik kanpo dagoen udalerri bakarra da.

Horrenbestez, Gipuzkoan ez dago udalerririk eremu horian edo berdean.

Europar Batasunak (EB) onartutako koloreen mapa egokitu du Jaurlaritzak, eta azken 14 egunetan metatutako intzidentzia-tasaren arabera sailkatzen ditu EAEko udalerriak.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu eta EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, "espazio publiko itxietan" da derrigorrezkoa, baita Lapurdiko herri eta hiri nagusietan ere.

Albisteak (1)