KORONABIRUSA
Segurtasun-neurriak indartuko dituzte abuztuaren 4tik 9ra Gasteizen, jende-pilaketak saihesteko
ANE SANTESTEBAN | EITB MEDIA
Iaz bezala, aurten ere Andre Maria Zuriaren plaza itxita egongo da abuztuaren 4an, 15:00etatik 19:00ra bitarte.
Gasteizko Udalak eta Eusko Jaurlaritzak "arduraz" jokatzeko deia egin die herritarrei, baita hiriko kaleetan pilaketak ekiditeko ere, batez ere, abuztuaren 4tik 9ra bitartean, orduan ospatuko lirateke eta bigarrenez bertan behera geratu diren jaiak. Gainera, osasun-segurtasuna bermatzeko dispositibo zabala prestatu dutela iragarri dute.
Aurten ere Zeledon ez da kanpandorretik jaitsiko. Gainera, iaz bezala, abuztuaren 4an, 15:00etatik 19:00etara, itxi egingo dute Andre Maria Zuriaren plaza, hesi eta guzti, istiluak saiheste aldera, eta Ertzaintzako eta Udaltzaingoko langileak zorrotz gainbegiratuko dute plaza ingurua. Era berean, egun horietan zehar 16:30etik 19:00etara debekatuta egongo da plazan mahairik jartzea, baina hori bai, barruan ibili ahal izango da.
Josu Erkoreka lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuak eta Gorka Urtaran Gasteizko alkate eta EUDELeko presidenteak "Ertzaintzaren eta Gasteizko Udaltzaingoaren arteko Koordinazio Batzordea" deitu dute ostegun honetan. Helburua bi polizien artean koordinatutako neurriak eta operatiboak aztertzea eta planifikatzea izan da, indarrean dagoen osasun-araudia errespetatzeko.
Besteak beste, pilaketak sahiesteko hainbat neurri hartu dituztela iragarri dute. Kalean, prebentzio-lana areagotuko da eta jende pilaketak izaten diren ohiko lekuetan, batez ere Gasteizko Alde Zaharrean. Era berean, Ertzaintza eta Udaltzaingoa elkarlanean arituko da "kale edateak" eta antzekoak ekiditen saiatzeko.
Ekitaldi ofizial bakarrak Udalak egindako kontzertuak eta jarduerak izango dira, eta Udala bera arduratuko da parte-hartzaileen edukiera eta distantzia kontrolatzea.