Koronabirusa
Hamar emakume haurdun ospitalean daude Euskadin, horietako bi ZIUn
Eriz Lotina | EiTB Media
Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak jakinarazi duenez, dagoeneko 2.005 emakume haurdunek txertaketa bukatu dute. Gainera, emakume haurdunen % 45ek txertoa jasotzeko hitzordua, txertaketa amaitu edo lehen dosia jaso dute.
Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak emakume haurdunak txertatzearen "garrantzia" azpimarratu du astearte honetan. Hamar emakume umedun ospitalean eta horietako bi ZIUn daudela jakinarazi du.
Dagoeneko 2.005 emakume haurdunek txertaketa bukatu dutela erantsi du sailburuak, Bilbon egindako agerraldi batean.
Gainera, emakume haurdunen % 45ek txertoa jasotzeko hitzordua, txertaketa amaitu edo lehen dosia jaso dutela nabarmendu du.
Jadanik biztanleriaren % 70 immunizaturik dagoela azaldu du Sagarduik, eta 1.384.000 pertsonak bi dosiak jaso dituztela. Sailburuaren esanetan, covid-19aren aurkako borrokan "itxaropena" izateko datua da.
EAEko herritarren % 70ek txertaketa bukatu dutela erantsi du agintariak, eta, horren esanetan, 12 urtetik gorakoen % 76k gutxienez dosi bat jaso dute.
"Talde immunitatea" Euskadik noiz lortuko duen galdetuta, Sagarduik ez du zehaztu, eta unean uneko aldaera nagusiaren arabera aldatzen joan dela gogorarazi du. Zentzu horretan, orain birusaren aldaera nagusia delta dela esan du.
"Joera aldaketaz" hitz egin ahal izateko oraindik "goiz" dela uste du sailburuak, nahiz eta EAEn intzidentzia metatuak 18,5 puntu behera egin.
Egunero positibo berrien "kopurua handia" dela errepikatu du arduradunak. "Zenbateko kezkagarriak dira, eta denbora itxaron behar dugu, datozen egunetako bilakaera ikusi arte", ohartarazi duenez.
Aurreko olatuetan baino "abiadura txikiagoan", baina osasun zentroetan eragina izaten ari dela azpimarratu du sailburuak. Positibo berrien kopurua ikusita, ospitaleratzeak eta pazienteak ZIUetan areagotzea espero dute.
Adinekoen egoitzetan izaten ari diren positiboei dagokionez, "kasuez eta ez agerraldiez hitz egiten ari gara, zorionez", adierazi du Sagarduik. Hala ere, biztanleriaren sektore zaurgarri hori babesteko bilakaera adi jarraitzea eskatu du.
Azkenik, Euskadik etxeratzeko agindurik ez duela eskatuko aurreratu du sailburuak; izan ere, herritarrak gaueko mugikortasuna mugatzeko gomendioa betetzen ari direla uste du Eusko Jaurlaritzak.
Gainera, "justiziarekin" izandako "eskarmentua" gogorarazi du Exekutiboak, EAEko Auzitegi Nagusiak indarrean jarritako neurri murriztaileak bertan behera utzi ondoren.