Koronabirusa
Hiru adineko hil dira Hego Euskal Herriko egoitzetan, bi Nafarroan eta beste bat Araban
Agentziak | EITB Media
Konkretuki, heriotzak Gasteizko Albertia Campus egoitza pribatuan, Lizarrako San Jeronimo zentroan eta Oliteko egoitzan jazo dira.
Nafarroako adinekoen egoitzetan 28 positibo daude orain, hiru pertsona ospitaleetan, eta azken egunetan bi hildako eragin ditu covid-19ak. Gainera, Gasteizko Alberti Campus egoitza pribatuko egoiliar bat hil da. Duela astebete baieztatu zuten positiboa.
Beste hildakoa igandean izan zen Lizarrako San Jeronimo egoitzan, eta hirugarrena astelehenean Oliteko zentroan. Foru Erkidegoak ez zuen hildakorik zenbatzen adinekoen egoitzetan iragan otsailetik.
Hala ere, Mari Carmen Maeztu Nafarroako Eskubide Sozialen kontseilariak egoitzetan neurri berriak hartzea baztertu du oraingoz. Pandemiaren beste olatu batzuekin alderatuta, zentroen egoera "askoz hobea" dela adierazi du Maeztuk, "txertaketari esker eragina asko txikiagoa izan delako".
Bestalde, Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak prentsaurrekoan gogorarazi duenez, "iragan astean hildako pertsonaren egoeraren berri eman genuen; txertoa jaso zuen, baina aldez aurretik patologia larriak zituen".
Zentro berean beste bi pertsona kutsatu zirela jakitera eman du Gonzalezek, baina "sendatu egin dira; beraz, ez dago kasu aktiborik egoitzan".
Ahaldun nagusiak erantsi duenez, "Bernedoko egoitza pribatuan hiru positibo daude une honetan".
Gonzalezen esanetan, "txertoa jaso duten hiru pertsona dira, eta ez dute gaixotasunaren sintomarik. Ongi aurkitzen dira eta egoitzan daude". Baheketak egin ondoren, ez dute positibo berririk baieztatu egoiliarren edo langileen artean.