Itxi

Osasuna

Nafarroa eutanasia eskubidea martxan jartzeko prestatzen hasi da

Agentziak | EiTB Media

Leer en Castellano

Osasun kontseilariak foru dekretua proposatu du, Bermeen Batzordea eta kontzientzia eragozpen erregistroa sortzeko. Era berean, foru agindu baten bidez Batzordeko kideak zehaztu dituzte.

Artxiboko argazkia: EFE

"Herritarrentzako zein profesionalentzako berme maila handienarekin" eutanasia eskubidea martxan jartzeko parte-hartze prozesua bukatu eta foru araudia onartu du Nafarroako Gobernuak aste honetan.

Osasun kontseilariak proposatutako foru dekretua argitaratu du Nafarroako Aldizkari Ofizialak asteazken honetan. Aldez aurretik, Nafarroako Kontseiluak arauari babesa eman dio. Bermeen Batzordea eta kontzientzia eragozpen erregistroa sortzeko pausoak arautzen ditu foru dekretuak. Bitartean, foru agindu baten bidez Batzordeko kideak zehaztu dituzte. Hau ere, aste honetan bertan argitaratuko dute.

Carlos Artundo Osasun zuzendari nagusiak eta Genoveva Ochando Herritarrentzako Osasun eta Berme Zerbitzuko buruzagiak prentsaurrekoa eman dute asteazken honetan, Foru Erkidegoko araudiaren berri emateko.

Bermeen Batzorderako gutxieneko kopuru bat finkatzen du Espainiako legeak, baina Nafarroak kide gehiago izango ditu: lau mediku ( bi Lehen Arretakoak eta beste bi espezializatuak), lau legelari, bi erizain, psikologo bat eta gizarte-langile bat. Bioetikan edo gaixotasun sendaezinen ala larrien tratamenduan trebakuntza edo eskarmentua izango dute guztiek.

Bestalde, araudia indarrean dagoen lehen urtean zehar profesionalei trebakuntza etengabea -legeak aurreikusi bezala- eskaintzeko Ministerioarekin elkarlanean ari da Foru Gobernua.

Orain arte, saio informatibo bakarra egin dute, ekainaren 29an, hain zuzen ere. Lehen Arretako profesionalei eta espezialistei zuzendutakoa izan zen, eta Auzolan euskarrian dago jasota. Era berean, jardunbide egokien kodea eskuragarri jarri dute bertan.

 

 

 

 

Albisteak (3)