Itxi

KORONABIRUSA

EAEko intzidentzia metatuak beherantz jarraitzen du, baina gaixo gehiago daude ZIUetan

Naiara Ballesteros | EITB MEDIA

Leer en Castellano

R0k 0,83an jarraitzen du, eta, aste honetan hirugarren egunez jarraian, 1.000 positibo berri baino gehiago atzeman dituzte.

ZIUak EAEn. Artxiboko argazkia: EFE.

Covid-19aren intzidentzia metatuak azken egunetan izandako beheranzko joerari eusten dio EAEn, eta 100.000 biztanleko 752 kasukoa da. Hala ere, ZIUetan presioak gora egin du eta 66 paziente kritiko daude.

Azken 24 orduetan, 1.048 kutsatze berri atzeman dituzte, bezperan baino 54 gutxiago, eta Eusko Jaurlaritzaren Bizi Berri Planean jasotako gainerako adierazle nagusiek berdin jarraitzen dute edo balio positiboak dituzte ostiral honetan. Hala, ospitaleratzeek behera egin dute (54 dira gaur, eta 56 ziren atzo), gela arruntetako pazienteen kopuruak behera egin du (259, 266ren aldean) eta R0 indizeak (positibo batek zenbat pertsona kutsatzen duen adierazten du) bere horretan jarraitzen du, 0,83an baitago.

Intzidentzia-tasa metatua 32 puntu jaitsi da bezperako datuekin alderatuta; beraz, behera egin du. Bizkaian hobetu egin dira datuak, baina tasarik altuena du (815 kasu, asteazkenean baino 32 gutxiago). Gipuzkoan, 100.000 biztanleko 676 kasu izan dira, eta Araban, berriz, 589; 33 eta 23 puntu egin dute behera, hurrenez hurren.

Ospitaleetako presioak gora egin du paziente kritikoen artean, eta behera egin du gela arruntetan daudenen artean. Atzo 54 pertsona ospitaleratu behar izan zituzten covid-19ak eragindako konplikazioengatik, bezperan baino bi gutxiago. Hala, 259 dira ospitaleratuta daudenak (asteazkenean baino sei gutxiago). Hala ere, 66 gaixo kritiko daude Osakidetzako ZIUetan, bezperan baino bost gehiago.

Buletin epidemiologikoaren arabera, ostegun honetan 8.276 proba diagnostiko egin dituzte, eta % 12,7k eman dute positibo. Positibotasun-tasa 0,5 puntu igo da, proba gutxiago egin ostean. 10.482 positibo berri horietatik erdiak baino gehiago (591) Bizkaian izan dira, kutsatzeak jaitsi diren lurraldean (17 gutxiago). Gipuzkoak 327 zenbatu ditu (bezperan baino zortzi gehiago) eta Arabak 143 (35 gutxiago). Azkenik, Euskaditik kanpo bizi diren 22 pertsonak eman dute positibo Osakidetzak egindako probetan.

Koronabirusaren semaforoari dagokionez, Legazpik gune gorria uztea lortu du azken orduetan, egoera epidemiologikoa hobetuta. Dena dela, 5.000 biztanle baino gehiago dituzten 71 udalerri eremu latzenean daude oraindik.

Bestalde, Nafarroan berretsi egin da azken egunetan atzemandako beheranzko joera, 271 kasu atzeman baitituzte ostegun honetan, eta 281 asteazkenean; gainera, beste heriotza bat izan da, Nafarroako Gobernuak emandako datuen arabera.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Albisteak (4)

Informazio gehiago (1)