Koronabirusa
EAEk bukatutzat eman du AstraZenecaren txertaketa
Agentziak | EITB MEDIA
217.693 pertsona babestu dituzte gertakin horrekin. Soberan geratu diren 74.812 bialak beste erkidegoei eskainiko dizkie Jaurlaritzak, eta erabiltzen ez direnak beste herrialdeei emango dizkiete.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak bukatutzat eman du AstraZenecaren txertaketa, 60-69 urteko pertsonei emateko falta ziren bigarren dosi guztiak jarri dituztelako.
Marka horrekin hornidura arazo ugari egon dira, eta lehen dositik bigarrenera utzi ahal zen tartea 12 astekoa zen (21 eta 28 egunekoa da, hurrenez hurren, Pfizer eta Moderna farmazia etxeen kasuan). Hala, 60 urtetik gorako herritar askok eta askok gazteagoak direnak baino beranduago osatu dute immunizazio osoa.
Guztira, AstraZenecako 474.788 dosi jarri ditu Osakidetzak, jasotakoen % 86,4. Horri esker, 217.693 pertsona babestea lortu da. Horietatik 211.127 lagunek bi dosiak jaso dituzte, eta 5.566k, bakarra (aurretik birusa harrapatu dutenei dosi bakarra ipini zaie).
Soberan geratu diren 74.812 bialak beste erkidegoei eskainiko dizkie Jaurlaritzak, eta erabiltzen ez direnak beste herrialde batzuei emango dizkiete.
Jaurlaritzak ostiral honetako txertaketa buletinean bildu ditu aipatutako datuok. Horren arabera, asteazkenetik 30.300 txerto jarri dituzte. Horrela, orotara, EAEko 12 urtetik gorako 1.403.984 herritarrek osatu dute txertaketa pauta orain arte, hau da, talde horretako biztanleriaren %71k.
Txertaketa adinez adin
12-15 urteko pertsonen % 11,5ek lehen ziztada dute, eta % 1,4k, biak; 16 eta 19 urte bitartekoei dagokienez, % 32,2 eta % 7,1 dira, hurrenez hurren, eta 20-29 urtekoenen artean, % 42,6 eta % 19,3. 30 urtetik gorakoen % 69,3k lehen dosia dute emanda, eta % 52,9k biak.
Ehuneko horiek gora doaz adinean aurrera eginez gero. Hala, 40-49 adin tartean dauden pertsonen % 86,1ek dosi bakarra dute, eta % 84,5ek babes osoa dute jada. 50-59 urtekoen artean, % 91,3k aurreneko txertoa dute, eta % 89,5ek, biak.
70 urte baino gehiagoko adin tarteetan % 90eko langa gainditu da.