Itxi

KORONABIRUSA

Edan al daiteke alkoholik txertatu eta gero?

EFE | EITB MEDIA

Txertoa jaso ondoren alkohola edateak zein ondorio dituen argitzen duen entsegu klinikorik ez dagoen arren, frogatuta dago alkoholdun edari asko hartzen dituzten pertsonen immunitate-sistemak okerrera egiten duela.

Hainbat lagun topa egiten, kopa eskuan: EFE

Alkohola edan al daiteke txertoa jarri ondoren? Antza denez, hori da covid-19aren aurkako txertoa jarri ondoren askok egiten duten galderetako bat. Izan ere, pertsona askok, gazteek batez ere, lagunekin topa eginez ospatu nahi dute txertatu izana, aro berri baten hasiera gisan edo.

Covid-19aren kontrako txertoa inokulatu ondoren alkohola kontsumitzeak dituen ondorioak ikertzen dituen saiakuntza klinikorik ez badago ere, frogatuta dago edari alkoholdunak kantitate handian edo sarri edaten dituzten pertsonen immunitate-sistemak okerrera egin duela.

Pertsona horiek aukera gehiago dituzte birus edo bakterioen infekzioak izateko, alkoholak ez dielako uzten antigorputzei birusa dagoen lekura joaten, eta organismoak infekzioaren ondorioak jasateko arrisku handiagoa du.

"Alkoholak erreakzio batzuk sortzen ditu organismoan, eta hesi edo oztopo batzuk sortzen dizkigu", Marina Mateu erizain eta biologia molekularreko doktoreak esan duenez. Laborategi baten adibidea jarri du esan nahi duena argitzeko: "Imajinatu laborategi batetik materiala kentzen hasten zarela, momenturen batean ezingo da bertan behar bezala lan egin, baliabide guztiak zeudenean bezala".

"Gibela, bere funtzioa egin beharrean, alkohola prozesatzen ari delako" sortzen direla hesi edo oztopo horiek azaldu du Mateuk, eta, ondorioz, immunologia-sistemak ez duela behar bezala funtzionatzen: "Gure organismoak erreakzioei aurre egiteko sistema propioa du, baina alkoholak blokeatu egiten du".

Horregatik, zuhurtziaz eta erantzukizunez jokatzeko eskatu du Mateuk.

Dena dela, Anahad O'Connor kazetariak The New York Times egunkarian argitaratu zuenez, ez dirudi alkohola edateak (kopa bat edo bi) Pfizer, Moderna edo Janssen etxeen txertoek eskaintzen duten immunizazioan eragin dezakeenik. "Gehiegizko kontsumoan dago arriskua", O'Connorren hitzetan.

Ildo horretan, munduko alkohol-kontsumo tasa handienetakoa duen Errusian, esaterako, txertoa jarri aurreko bi asteetan eta txertoa hartu osteko 42 egunetan graduazio altuko edaririk ez kontsumitzea gomendatu dute.

Esan bezala, ez dago covid-19aren txertoaren inguruko ikerketa zehatzik, baina orain arte beste txerto edo botika batzuekin egindako azterketetan ikusi denaren arabera, alkoholak areagotu egiten ditu txertoak sor ditzakeen sintomak edo albo-ondorioak, hala nola sukarra, buruko mina edo ondoez orokorra.

Albisteak (3)