Itxi

IPCC-ren txostena

Munduko tenperatura 2,7 gradu haziko da 2100erako

Agentziak | EITB MEDIA

Hazkunde horrek muturreko egoera klimatikoak ekarriko ditu, hala nola uholdeak eta bero boladak. Txostenaren arabera, berotzearen ondorio batzuk "konponezinak" dira.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Negutegi efektuko gasen isuria bere horretan mantenduz gero, munduko tenperatura 2,7 gradu haziko da 2100erako, NBEko klima aldaketari buruzko gobernuarteko aditu taldearen (IPCC) txosten berri baten arabera.

Hazkunde horrek areagotu egingo ditu muturreko egoera klimatikoak, hala nola lehorteak, uholdeak edota bero boladak.

Parisko Akordioak ezarritako helburutik (1,5 gradu) gora dago hazkunde hori. Izan ere, oraingo egoerari eutsiz gero (industriaurreko garaian baino 1,1 gradu gehiago), 2040rako 1,5 graduko igoera egongo litzateke, eta 2100erako, 2,7koa.

Gizakia da erantzulea

Txostenak ez du zalantzarako tarterik uzten: gizakia da berotzearen erantzule nagusia, eta kliman izandako aldaketek ez dute "aurrekaririk" azken mende eta milurtekoetan.

Ikuspegi ezkorrenean jarrita, adituek aurreikusi dute karbono dioxido eta negutegi efektuko beste gasen isuriak bikoiztu egingo direla, eta, ondorioz, lau graduko igoera izan genezake 2100erako.

Tenperaturak igotako gradu bakoitzeko prezipitazioek % 7 egingo dute gora, eta, beraz, ekaitzak, uholdeak eta bestelako hondamendi naturalak ugaritu egingo dira.

Beroaldiak sarriagoak izango dira. Industriaurreko garaian hamarkada batean behin gertatzen ziren, baina gaur-gaurkoz 10 urtean birritan baino gehiago (2,3) jazo dira. Bada, tenperatura lau gradu igoko balitz, 9,4 aldiz gertatuko lirateke 10 urteko epean (ia urtero, hortaz). Muturreko tenperatura baxuak, hotz boladak tartean, "gero eta gutxiagotan izaten dira", ohartarazi dute.

Hori horrela, berotze globalaren ondorio asko, tartean ozeanoetan eta poloetan atzemandakoak, "konponezinak dira", txostenaren egileen arabera.

Adituen ustez, isuriak murriztuta ere, gutxienez bi hamarkada itxaron beharko genituzke tenperaturan ondorioak igartzeko. Kutsatze atmosferikoari dagokionez, arinago sumatuko lirateke onurak.

Itsas maila, goraka

IPCCren arabera, itsas mailak igotzen jarraituko du, eta mende amaieran 28-55 zentimetro egingo du gora. Emisioak halako bi balira, 1,8 metroko igoera izan liteke.

Datozen 2.000 urteetan, itsasoaren maila bi metro eta hiru metro artean igoko da, betiere Parisko Akordioak gomendatutako 1,5 graduko tenperatura igoera badago. Bost graduko hazkundea izanez gero, ordea, 20 metro egin lezake gora itsasoak.

Albisteak (3)

Bideoak (1)