Koronabirusa
Txertaketa legez arautzea eskatu dute, egoitzetako langileen txertaketan aurrera egiteko
Agentziak | EITB Media
ELA sindikatuaren eta dependentzia sektoreko espainiar patronalaren ustez, botere publikoek "ez dute aldatu nahi" txertaketaren beharrezkotasuna.
Batik bat adinekoen egoitzetan diharduten langile soziosanitarioen txertaketak hautsak harrotu ondoren, ELA sindikatuak lege aldaketa baten alde egin du txertatze prozesuan aurrera egiteko, eta gogora ekarri du erantzukizuna "birusa erauztea barik berarekin batera bizitzea" erabaki duten gobernuena dela.
ELAren ustez, txertatze prozesua populazio osoaren osasuna kontuan hartuta egin behar da, txertoa hartzeak eta ez hartzeak pertsona bakoitzarengan ez ezik gizarte osoan ere baititu ondorioak.
Hori dela eta, sindikatuak egokitzat jo du gizarte osoa txertatzea, batik bat osasun aldetik zaurgarriak diren pertsonekin lan egiten dutenak, baina, bere ustez, txertaketa hori derrigortzea botere publikoei dagokie; eurek egin behar dute lege erregulazioa, eta "ez dute egin nahi izan". Nolanahi den, arautzeko bidean aurrera egitearen alde agertu da ELA.
Horrez gain, sindikatuak salatu du egoitzen eta beste zerbitzu publiko batzuen arduradunak sektore horretako langileak "kriminalizatzen" saiatu direla. ELAren arabera, horixe egin du Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak egoitzetako langileekin, txertoa jaso ez duten langileek egoitzetan lan egitea debekatzeko lege babesa eskatuta.
ELAren hitzetan, "fokua langile hauen gainean jarri nahi duten horiek babes egokirik gabe utzi zituzten hasieratik", covid-19aren aurrean.
"Lege bat"
Cinta Pascual Pertsonen Arretarako Enpresen Espainiako Elkartearen presidenteak ere langile soziosanitarioen txertaketa derrigortzearen alde egin du "Boulevard" Radio Euskadiko saioan.
"Italian, Frantzian eta Erresuma Batuan egin duten bezala, Gobernuak lege bat ezartzea eta horrela pertsona zaurgarriekin lanean ari direnek txertoa hartu behar dutela esatea" proposatu du elkarte horrek.
"Ez dago premiarik"
Prentsaurrekoan, Jose Luis Quintas Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuordeari ere galdetu diote langile soziosanitarioak txertoa jasotzera derrigortzeko auziari buruz, eta esan du gaia "testuinguruan kokatu" behar dela.
Quintasen hitzetan, "minimoa" da txertoa jaso ez duten langile soziosanitarioen ehunekoa Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan: "Oso gutxi dira gure inguruko herrialdeekin alderatuta".
Sailburuordeak adierazi du Eusko Jaurlaritzak ez duela tresna juridikorik inor txertoa hartzera behartzeko eta ez dagoela horretarako premiarik ere.
"Ez da lehentasuna"
SATSE erizainen sindikatua ere ez da txertoa derrigor jarri beharraren aldekoa, berorren arduradunek uste baitute osasun langile gehien-gehienek arduratsu jokatu dutela: "Txertaketa legez ezartzea ez da lehentasuna, gure ustez. Osasun langileek erakutsi duten erantzukizunari nahikoa irizten diogu".