Itxi

Koronabirusa

Osasun Sailak oraindik libre dauden 57.000 hitzorduak betetzera deitu ditu gazteak

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Jose Luis Quintas Osasun sailburuordeak eta Koldo Iñaki Cambra Osasun Publikoko zuzendariordeak txertoa jasotzeko deia egin diete gazteei eta Euskadiko kutsakortasun tasa progresiboki beherantz doala azaldu dute.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Jose Luis Quintas Osasun sailburuordeak eta Koldo Iñaki Cambra Osasun Publikoko zuzendariordeak oraindik libre dauden 57.000 hitzorduak betetzera deitu dituzte gazteak. Horrekin batera, Osasun sailburuordeak Euskadiko kutsakortasun tasa progresiboki beherantz doala azaldu du.

Gotzone Sagardui Osasun sailburuak aurreratu zuen moduan, oraindik asko dira irailaren 6ra arte libre dauden hitzorduak. Hala ere, Jose Luis Quintasek azaldu duenez, orain gehiago dira libre dauden zitak, Sagarduik aipatu zituen 22.000 hitzorduekin konparatuta: "57.000 hitzordu libre daude, hain zuzen ere. Arren eskatzen diegu gazteei txertatzeko, ez bakarrik beraien onurarako, baizik eta beraien inguruko jendearen onurarako ere".

Hala ere, Koldo Cambriak zehaztu nahi izan du hitzordu libreen gorakada ez dela orain gazteek uko egiten diotelako txertoari: "Egia da hitzordu libre gehiago dagoela, baina eskaintza handitu eta txertatzeko epea luzatu ere egin da. Argi dagoena da adin-tarte horretan arriskuaren pertzepzioa baxuagoa dela, eta horrek txertatzeari lehentasuna kentzea eragiten du udako planak ez aldatzeko". Horregatik, Jaurlaritzak ikasturte hasierarako "ahalik eta ikasle gehien txertatuta" egotea du helburu.

Horrekin batera, Quintasek Euskadiko kutsakortasun tasa progresiboki beherantz doala gaineratu du. Izan ere, egindako 7.500 proben artean, 687 bakarrik positibo suertatu direla azaltzen dute asteleheneko datuek.

Egoitzetako langileak

Egoitzetako langileak txertatzera behartzearen inguruko polemikak kezkatzen ez diola azaldu du Osasun sailburuordeak, Euskadin txertoa jaso ez duten langileen kopurua oso baxua baita: "Txertoa jasotzearen derrigortasuna Euskadiko testuinguruan jarri behar dugu. Gure kasuan, ez dugu horren beharrik".

Gainera, Jose Luis Quintasek gogora ekarri du ezinezkoa dela derrigorrezkotasun hori inposatzea, Jaurlaritzak "tresna juridikorik" ez duelako. Hala ere, ELA sindikatuaren eta dependentzia sektoreko espainiar patronalaren ustez, botere publikoek "ez dute aldatu nahi" txertaketaren beharrezkotasuna, eta txertaketa legez arautzea eskatu dute egoitzetako langileen txertaketa aurrera eramateko.

Haurdunak

Haurdun dauden emakumeei dagokionez, datuak ez dira kezkagarriak txertaketaren inguruan. Orain arte, Euskadin 2.380 emakumek txertoa jaso dute, eta 1.300 pertsona inguru bakarrik falta dira.

Hala ere, Jose Luis Quintasek berak zehaztu duenez, ZIUetan dauden gaixo larrien kopurua hazi egin da, 66tik 69ra igarota. Horien artean, bi haurdun dauden emakumeak dira (joan den astea baino bat gehiago).

Albisteak (7)

Bideoak (1)