Itxi

Koronabirusa

Beste 17 pertsona hil dira covid-19agatik EAEn azken astean

Eider Garaikoetxea O. | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Ia mila kutsatze berri zenbatu diren arren, intzidentziak beste koska bat egin du behera (28 puntu). Ospitaleetako presioa ere zertxobait arindu da: bi gaixo kritiko gutxiago daude (67) eta erietxeratutako gutxiago.

Hainbat lagun baheketa masibo batean, itxaroten. Argazkia: EFE

Euskal Autonomia Erkidegoak (EAE) birusaren zartakotik libratu ezinda jarraitzen du. Astearte honetan 965 kasu berri zenbatu dituzte, eta azken astean 17 pertsona zendu dira covid-19ak jota. 

Abuztuaren 2tik 8ra doan astean aurrekoan baino hiru pertsona gehiago hil ziren koronabirusagatik. Izurriaren daturik krudelenak asteak daramatza goraka: uztaileko azken astean, 14 pertsona hil ziren, eta aurrekoan, 10.

Jose Luis Quintasek atzo aurreratu bezala, azken astean "bi pertsona hil dira egunero" birusak jota.

Asteko buletinari erreparatuta, eta hilgarritasuna adin tarteka banatuta, ondoriozta daiteke 50 urtez azpiko hiru lagun hil direla covid-19a dela eta, eta horietako batek 10 eta 19 urte artean zituela:

Azken bi asteetan pilatutako eraginak datu pozgarriagoa eman du, beste koska bat egin baitu behera (28 puntu). Hala, 100.000 biztanleko 632 kasutan dago. Bizkaiak beheranzko joerari eutsi dio, eta 700eko langatik behera kokatu du tasa (684); tasa orokorretik gero eta gertuago dago, beraz. Gipuzkoak 552 kasu pilatu ditu azken 14 egunetan, bezperan baino 28 gutxiago. Ifrentzuan, Arabako intzidentziak gora egin du, 532 punturaino (+12).

Egun batzuk (asteak, akaso) beharko dira intzidentziaren beherakada hori ospitaleetako egoeran gehiago nabaritzeko. Nolanahi ere, gaurko datuak ez dira txarrak: behera egin dute ZIUetan dauden gaixo kopuruak (67, bezperako 69ren aurrean) eta erietxeratutakoenak (282; astelehenean 285 ziren). Horrez gain, 56 pertsona eraman behar izan dituzte Osakidetzako ospitaleetara, bezperan bezainbeste.

Guztira, 8.361 proba diagnostiko egin dituzte eta horietatik 965ek eman dute positibo (% 11,5). Erdiak baino gehiago Bizkaian atzeman dituzte (532, bezperan baino 139 gehiago) eta ia laurden bat Gipuzkoan (232, astelehenean baino 39 gehiago). Dena dela, aipagarria da Araban izandako gorakada, bezperan halako bi izan baitira zenbatutako kutsatzeak (171). Azkenik, EAEtik kanpo bizi diren 30 pertsona kutsatu dira (astelehenean 14 izan ziren).

Koronabirusa EAEko gazteriari erasaten ari zaio gehien, eta 10 eta 39 urte arteko adin tarteetan 532 positibo hauteman dituzte. Logikoa denez, adin horietan handiagoa da birusaren eragina: 10-19 urteko pertsonen artean 1.389 kasu pilatu dira, eta 19-29 urtekoen artean, 1.886.

R0 indizea, positibo batek zenbat pertsona kutsatzen dituen adirazten duen indizea, 0,88ra igo da (+0,02), baina 1etik behera dago duela 14 egun.

Azkenik, datuak herriz herri aztertuta, hiru udalerri handik gune latzena, gorria, utzi dute gaur.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Albisteak (4)