Itxi

Elkarrizketa

"Gazteoi 25 urterekin emantzipatzea gustatuko litzaiguke, baina 30ak bete arte ezinean gabiltza"

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Maialen Olabe Euskadiko Gazteriaren Kontseiluko presidentea kezkatuta agertu da prekarietateak eta aldi baterako enpleguak gurasoenetik joateko gaitasunari zuzenean eragiten diolako. "Gaur-gaurkoz, dugun aukera bakarra alokairua partekatzea da".

Maialen Olabe. Argazkia: EITB Media

Abuztuaren 12a gazteriaren eguna dela eta, Maialen Olabe Euskadiko Gazteriaren Kontseiluko (EGK) presidentea elkarrizketatu dute gaur Radio Vitorian. Gazteek gaur egun dituzten arazoak izan ditu hizpide Olabek, besteak beste, emantzipazioa, kriminalizazioa eta enplegua lortzeko zailtasunak.

Lehenengoaren harira, kezkatuta azaldu da e Euskadiko Gazteriaren Kontseiluko presidentea. Horren ustetan, soldata duin baten faltak gurasoen etxea uzteko bidea malkartzen du. "18-29 urteko pertsonen batez besteko soldata 1.180 eurokoa da. Ez komeni lansariaren % 30 baino gehiago alokairura bideratzea, baina EAEn % 60 horretan gastatzen dugu, alegia, gomendatzen denaren bikoitza. Gaur-gaurkoz, dugun aukera bakarra alokairua partekatzea da. Gazteoi 25 urterekin emantzipatzea gustatuko litzaiguke, baina 30ak bete arte ezinean gabiltza", salatu du.

Pandemia garaian elkartasun falta egotzi diete gazteei, zaurgarrienak kutsatzeko dakartzan arriskuan kontuan hartu barik, jai giroa lehenesteagatik. Olabek esan du ezin dela kriminalizatu ezta orokorkeriatan jausi: "Uda honetan zehar ordezkatzen ez gaituzten irudi batzuk ikusi ditugu, baina gutako askok ondo ari gara gauzak egiten, erantzukizunez. Akatsa da orokortzea".

Olabek azpimarratu duenez, "gazteak bakarrik ez, EAEko gizarte osoa ernegatuta dago. Buruko osasun arazoei egin beharko diegu aurre".

Albisteak (2)