Kargatzen...
Itxi

Txertaketa

Kutsatutako pertsonek txertoa jaso ahal izateko tartea sei hilabetetik bira murriztu da

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Jose Luis Quintas Osasun sailburuordeak Radio Euskadin iragarri duenez, Osakidetza duela bi hilabete edo gehiago kutsatutako pertsonei hitzorduak emateko SMS mezuak bidaltzen hasiko da gaur.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Orain arte sei hilabete itxaron behar zuten pertsonei SMS mezuak bidaltzen hasiko da Osakidetza gaurtik aurrera. Denbora murriztu dute, "orain txerto gehiago daudelako", Jose Luis Quintas Osasun sailburuordeak Radio Euskadin iragarri duenez.

Honenbestez, covid-19a gainditu dutenen itxaronaldia murriztea erabaki du Eusko Jaurlaritzak. "Sei hilabete itxarotea ez da beharrezkoa izango, bi hilera murriztu da itxaronaldia txerto gehiago daudelako", azaldu du Osasun sailburuordeak Radio Euskadin.

Jose Luis Quintasek esan duenez, orain arte urte erdia itxaron behar zuten, txertaketan "immunitaterik ez zuen jendearen lekurik ez hartzeko". "Gaurtik edo bihartik aurrera, Osakidetzak SMS mezuak banan-banan bidaliko ditu, txertatzeko zer egin behar duten zehaztuz", erantsi du sailburuordeak.

Derrigorrezko txertaketarik ez, ezta hirugarren dosirik ere

Derrigorrezko txertaketari dagokionez, eztabaida "batez ere, hedabideetan" ematen ari dela adierazi du arduradunak. Orain "ez dugu ezinbestekoa ikusten", eta "gainera, ez dago gure esku, txertaketa behartzea juridikoki aplikagarria ez delako".

Era berean, hirugarren dosiaren eztabaida ez du beharrezkoa ikusten, nahiz eta aste honetan bertan Frantziak edo AEBk onartu: "MOEk eta EMAk ez dute oraingoz irizpiderik finkatu".

12 urte beteta txertoa jasoko dute

Bestalde, aurten oraindik 12 urte bete ez dituzten adingabeei emandako hitzorduei dagokionez, "adin tarteen eta jaiotza urtearen arabera deitu dituzte, ez urtebetetzearen arabera", gogorarazi du Quintasek. Pfizerren eta Modernaren gomendioek txertoa "12 urteak bete baino lehen" eman behar ez dela diote, gaineratu duenez.

Hala ere, "abuztuko hitzorduak mantenduko dituzte, arazo larria ez delako", baina irailean eta beranduago adina bete arte itxarongo dute, onartu duenez.

60.000 hitzordu baino gehiago bete barik

"Iragan ostiralean baino hitzordu gehiago daude; 57.000 ziren, orain 10.000 bat gehiago izango dira", zehaztu du Quintasek. Zentzu horretan, txertatzearen garrantzia berriro azpimarratu du, "iritsi ez den aldaera kezkagarriena delako" eta "txertoen radarretik at gera daitekeen mutazio bat da arriskurik handiena; piztia zenbat eta denbora gehiago aske utzi, mutatzeko denbora gehiago izango du".

Sailburuordearen ahotan, gazteak "oporrak, egitasmoak edo ikasketak aurretik jartzen ari dira", baina "kasu larriak eta hildakoak ere" izan direla gogorarazi die.

Egoitzetan protokolo berriak ez dira baztertzen

Adinekoen egoitzetako profesionalak txertatzera behartzeko aukera ez zuten erakunde arteko atzoko bileran eztabaidatu, Quintasek ziurtatu duenez. "Protokoloak eguneratzeaz" berba egin zutela nabarmendu du, eta "akordio politiko batera heldu ziren; orain teknikariak aztertzen ari dira". "Oniritzia ematen diotenean, iragarri dute", erantsi du.

Bi PCR egiteko edo profesionalak lanpostuz aldatzeko Osasun Ministerioaren gomendioak jasoko ote dituzten ez du zehaztu.

Ez dira neurriak arinduko, eta festek kezkatzen dute

Azkenik, Osasun sailburuordeak ohartarazi duenez, "azken dekretua sinatu zenean baino datu okerragoak ditugu orain; beraz, argi dago murrizketak ez direla arinduko". "Intzidentzia 300 kasutik behera izan arte ez dugu neurririk arinduko, noski", gaineratu du.

"Txertoarengatik ez balitz, iaz bezala egongo ginateke", esan du. Zentzu horretan, "udaren ostean gertatu zen goraldia abuztuko festek erabat baldintzatu zuten", gogorarazi du. Ez-festek "kezkatzen gaituzte, argi dago", adierazi du. LABI teknikoaren txostena eskuan duela, "gomendioak betetzeko", eskatu du berriro, "errepikatzeaz nekatuta gaude".

 

Bideoak (1)

Audioak (1)