Kargatzen...
Itxi

GOTZONE SAGARDUI

Sagardui: "ZIUetan dauden txertatutako gaixoak txertatu baino lehen kutsatu ziren edo ez dute immunitaterik"

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Osasun sailburuaren arabera, zainketa intentsiboetako unitateetan ospitaleratutako hamar pertsonatik lau erabat edo partzialki txertatuta daude. Bestalde, hitzordurik gabeko txertoa ematea eta txertoa derrigorrezkoa izatea baztertu du sailburuak.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Gotzone Sagardui Osasun sailburuak ostegun honetan azaldu duenez, zainketa intentsiboetako unitateetan ospitaleratuta dauden txeratutako gaixoak dosiak hartu baino lehen kutsatu ziren edo ez dute covid-19aren aurkako immunitaterik sortu.

Sailburuak Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean jakitera eman duenez, ZIUetan ospitaleratutako hamar pertsonatik lau erabat edo partzialki txertatuta daude. Bestalde, Sagarduik baztertu egin du hitzordurik gabeko txertoa jartzea eta txertoa derrigorrezkoa izatea.

Eusko Jaurlaritzaren helburua herritarren % 100era iristea da, kontraindikazioak dituzten pertsonen kasuan izan ezik, esan du Sagarduik.

Sailburuak dei egin dio gizarte osoari hitzorduak eskatzeko eta txertoa jartzeko, "beraiei eta gainerakoei elkartasuna adierazteko ekintza gisa". Bestalde, Sagarduik berariaz aipatu ditu adinekoen edo ezgaituen egoitzetan lan egiten duten langileak, eta, gogorarazi duenez, "une honetan" legeak ez du nahitaezko txertaketa babesten, eta, beraz, "borondatezko ekintza" izaten jarraitzen du.

Azken egunetan zentro horietan izandako kutsatzeen ostean, Eusko Jaurlaritzak eta aldundiek protokoloa "etengabe betetzen eta astero jarraipena egiten" dutela adierazi du sailburuak, baldintza berrietara egokitzeko asmoz.

Sagarduik baztertu egin du aurrez hitzordurik gabe txertoa jartzea, Carolina Darias Osasun ministroak atzo aukera hori aipatu bazuen ere. Azpimarratu duenez, "bermeekin eta prozesu egoki eta ondo dokumentatuekin" eman behar da txertoa, eta une honetan txertoa hartzeko hitzordu asko libre daudela adierazi du.

Hitzordu horiek guztiak bete ezean txertoak galtzeko aukera baztertu du Sagarduik, eta kontserbazio epe luzea dutela azpimarratu ostean, Osakidetza "iristen zaizkion txerto guztiak" erabiltzen ari dela esan du.

Halaber, 20 eta 30 urte bitartekoak txertoa hartzeari uko egiten diola ukatu du, eta adin-tarte horretan daudenek hitzordu gutxi hartu izanaren arrazoia uda honetan "mugikortasun handia" duen populazioa dela esan du, 20 urtetik beherakoek ekainean izan zuten bezala.

Ikasturtearen hasierari dagokionez, Osasun Sailak "Hezkuntza Sailarekin batera" lan egiten duela azaldu du. "Hiru agertoki diseinatu dituztela eta 12 urtetik gorakoen artean txertaketa kopuru handiena lortzea" espero dutela esan du Sagarduik.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Albisteak (3)

Bideoak (1)