Itxi

Feminismoa

Afganiar emakumeen aldeko manifestazioak izango dira arratsaldean Bilbon, Donostian eta Iruñean

Berezi Fernandez | EITB Media

Leer en Castellano

Talibanek Kabul hartu ostean, afganiar emakumeak babesik gabe daudela salatuko dute manifestariek, Euskal Elkartasun Feministak antolatutako protestetan.

Afganiar emakumeen protesta, Bartzelonan, NBEren egoitzaren aurrean. Argazkia: EFE

Euskal Elkartasun Feminista elkarteak mobilizazioak deitu ditu Bilbon, Donostian eta Iruñean arratsalderako, talibanek Afganistan hartu dutela eta setioak afganiar emakumeak babesik gabe utziko dituela salatzeko. Talde feministak sare sozialetan adierazi duenez, azken egunotan, "historian zehar lortu dituzten eskubideak" galdu dituzte afganiar emakumeek.

Elkartearen aburuz, Europar Batasunak ez du neurri eraginkorrik hartu estremisten botere hartzea geldiarazteko eta Afganistango herritarrei lurraldearen kontrola itzultzeko.

Hala, nazioartearen "pasibotasuna" agerian utzita, Hego Euskal Herriko talde feministak antolatu egin dira eta krisi humanitario zein emergentzia feminista egoera baten aurrean gaudela salatu dute.

Protestetan, besteak beste, hauek aldarrikatuko dituzte: errefuxiatuei asiloa ematea, afganiar familiak elkartzeko tramiteak arintzea, emakumeentzako eta neskatoentzako korridore seguruak sortzea eta Espainiako Gobernuak nazioartea presionatzeko ahalegina egitea.

Aipatutako eskakizunak aintzat hartu ez eta giza eskubideak bermatu ezean, Euskal Elkartasun Feministak esan du "emakume gehiago hil, bortxatu eta esklabo bihurtuko" dituztela.

Mobilizazioak ostiral honetan

Bilbon, Moyua Plazan bilduko dira manifestariak, Espainiako Gobernuaren Ordezkariordetzaren egoitzaren aurrean, 20:00etan.

Gipuzkoako hiriburuan, Boulevardean izango da protesta, ordu berean.

Iruñeko manifestazioa, berriz, Udaletxe Plazan egindo dute, hor ere, 20:00etan hasita.

Albisteak (3)

Bideoak (1)