Itxi

Koronabirusaren semaforoa

Gipuzkoa eta Donostia eremu gorritik irten dira

Ane Santesteban | EITB Media

Aretxabaletak, Zarautzek eta Zornotzak ere lortu dute azken orduetan eremu latzena atzean uztea; Usurbilen ere egoerak hobera egin du eta horira igaro da.

Grafikoa: EITB Media.

OHARRA: Koloretako semaforoak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 5.000 biztanletik gorako udalerrien egoera epidemiologikoa adierazten du, baina ez dakar herriak perimetralki ixtea, mugikortasuna librea baita alarma-egoera amaitu ondoren.

Gipuzkoan, pixkanaka egoera hobetzen ari da. Azken orduetan, Donostia, Aretxabaleta eta Zarautz eremu gorritik irten dira, covid-19ak EAEn herriz herri izan duen eragina neurtzeko Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak erabiltzen duen semaforoaren arabera. Hala, Gipuzkoak ere atzean utzi du eremu latzena.

100.000 biztanleko 14 eguneko intzidentzia-tasa metatua 500 kasutik jaitsi da EAEn, eta jaitsiera nabarmenena Gipuzkoan gertatu da, 400etik jaitsi baita (398). Hala, lurraldea kolore laranjaz margotuta ageri da gaur. Hala ere, gaixo kritikoen kopuruak gora egin du berriro, eta 78 dira jada ZIUetan dauden pertsonak, aurreko egunean baino hiru gehiago.

Arabak (516 kasu 100.000 biztanleko) eremu gorrian jarraitzen du, baita Gasteiz hiriburuak eta Amurriok ere.

Agurainek laranjan jarraitzen du, eta Laudio, berriz, horian. Araban ez dago herririk eremu berdean.

Bizkaia ere (513 kasu 100.000 biztanleko) eremu gorrian dago, Bilbo eta beste 25 herrirekin batera: Abanto, Arrigorriaga, Balmaseda, Barakaldo, Basauri, Berango, Bermeo, Derio, Erandio, Galdakao, Gernika-Lumo, Getxo, Gorliz, Gueñes, Leioa, Lekeitio, Markiña-Xemein, Mungia, Muskiz, Ondarroa, Ortuella, Portugalete, Santurtzi, Sestao eta Sopela. 

Durangok, Etxebarrik eta Trapagaranek laranjari eutsi diote, eta Zornotza gehitu zaie azken orduetan. 

Horian, bestalde, Abadiñok, Elorriok, Ermuak eta Zallak jarraitzen dute.

Ez dago herri bakar bat ere berdean.

Gipuzkoa (398 kasu 100.000 biztanleko) eremu gorritik irten da, baita Donostia hiriburua ere. Dena dela, oraindik 13 udalerrik jarraitzen dute zerrendan. Honako hauek dira: Azpeitia, Deba, Donostia, Eibar, Hondarribia, Irun, Lazkao, Mutriku, Oiartzun, Ordizia, Pasaia, Urnieta, Villabona eta Zumaia.

Laranjaz margotuta ageri dira Andoain, Elgoibar, Errenteria, Legazpi, Tolosa eta Lasarte-Oria, baita Aretxabaleta, Donostia eta Zarautz ere, azken horiek gorritik irten baitira.

Arrasatek, Astigarragak, Azkoitiak, Beasainek, Bergarak, Hernanik, Lezok, Oñatik, Oriok, Urretxuk eta Zumarragak horiari eutsi diote, eta Usurbil batu zaie.

Ez dago udalerririk eremu berdean.

Europar Batasunak onartutako koloreen mapa egokitu du Jaurlaritzak, eta azken 14 egunetan metatutako intzidentzia-tasaren arabera sailkatzen ditu EAEko udalerriak.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu eta EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, "espazio publiko itxietan" da derrigorrezkoa, baita Lapurdiko herri eta hiri nagusietan ere.

Albisteak (1)