Koronabirusa
Nafarroak asteazkenetik aurrera zabalduko du txertoa hitzordurik gabe jasotzeko aukera
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Neurria txertaketa prozesua arintzeko estrategiaren parte da, eta FOREMeko egoitza zaharrean dagoen txertaketa-puntuan egingo da.
Nafarroan COVID-19aren aurkako txertoa aldez aurretiko hitzordurik gabe jasotzeko aukera zabalduko dute, asteazkenetik aurrera. FOREMeko egoitza zaharrean dagoen txertaketa-puntuan izango da.
Erabakia txertaketa prozesua arintzeko Osasun Departamentuak sortutako estrategiaren parte da; izan ere, ZIUn dauden gaixoen % 80k ez dute txertorik jaso.
Gainera, hitzordua eskatzeko prozedura guztiak aktibo izango ditu Nafarroako Osasun Zerbitzuak, baita txertoa jaso ezin izan zutenena ere.
Txertoa 12 urtetik gorako herritarrentzat dago eskuragarri, eta txertoa jaso ahal duten herritarren % 77,2k hartu dute jada.
Lehenengo dosia hitzordurik gabe jasotzeko aukera aste osoan zehar izango da zabalik, asteazkenetik aurrera, irailaren 25etik aurrera, 08:30etik 19:00etara.
Txertoa jasotzeko, nortasun-agiria (NANa edo pasaportea) edo osasun-txartela aurkeztu beharko da. Behin lehen dosia jasota, txertaketa-puntuan bertan adostuko da bigarren txertoa jasotzeko hitzordua.
Txertaketa pauta osoa
Nafarroan, 998.555 herritarrek jaso dute txertaketa pauta osoa.
Datuak adin-tarteari erreparatuta aztertuz gero, 80 urtetik gorako eta 70-79 tarteko herritar guzti-guztiek (% 100) jaso dute txertaketa pauta osoa. Adin-tarte horretatik behera, baina, behera egiten du txertatutakoen ehunekoa.
Nafarroan, pauta osoa hartu dute 60-69 adin tarteko herritarren % 93k, 50-59 adin tartekoen % 92k, 40-49 adin tartekoen % 86k, 30-39 adin tartekoen % 70ek, 20-29 adin tartekoen % 54k eta 12-19 adin tartekoen % 16k.