KORONABIRUSA
Nafarroako Justiziak baimena eman du etxeratze-agindua astebetez luzatzeko
o.p. | eitb media
Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak baimena eman du etxeratze-agindua irailaren 2ra arte luzatzeko. 01:00etatik 06:00etara aplikatuko da intzidentzia altuko udalerrietan, asteburuetan, jaiegunetan eta herriko jaiak ospatu behar ziren egunetan (bezperak barne).
Nafarroako Auzitegi Nagusiak aintzat hartu du Foru Gobernuaren eskaera, eta beste astebetez (irailaren 2ra arte) baimena eman du intzidentzia altua duten herrietan etxeratze-agindua luzatzeko, neurri "egokia", "beharrezkoa" eta "proportzionatua" dela iritzita.
Zehazki, irailaren 2ra arte luzatzeko baimena eman du etxeratze-agindua 01:00etatik 06:00etara, asteburuetan, jaiegunetan eta herriko jaiak ospatzea legokiokeen egunetan (bezperak barne) covid-19aren intzidentzia arrisku handiko mailan dagoen udalerrietan.
54 herriri eragingo die neurriak; horietatik hamarretan festak ospatuko lirateke pandemiarik ez balego.
Autoaren arabera, gaueko mugikortasuna adostutako baldintzetan murriztea neurri "egokia", "beharrezkoa" eta "proportzionatua" da kutsatze-katea murrizteko.
Hala ere, datu epidemiologikoek eta txertoek izan duten bilakaera eta hobekuntza ikusita, ohartarazi du beharrezkoa izango dela "Administrazioak ad hoc egindako alegazio eta justifikazio xehatu eta espezifiko bat, proposatutako oinarrizko eskubideak mugatzen dituzten neurriei buruzkoa".
Horri dagokionez, justifikazio horrek "datu enpiriko epidemiologiko, sanitario eta estatistiko hutsak ez ezik, batez ere, juridikoak ere jaso beharko ditu, arrazoizko eta berariazko argudioak ezarriz neurri zehatz bakoitzerako eta eraginpeko populazio-taldeari dagokionez oinarrizko eskubideei kalte gutxiago egiten dieten bestelako aukerei buruz".
Ildo horretan, Auzitegiak ondorioztatzen duenez, une honetan, arrazoitutakoa kontuan hartuta, neurria luzatzea egoki den arren, "denborak aurrera egin ahala eta haztatu beharreko parametroak hobetu ahala, justifikazio sanitario eta juridikoa indartu" beharko da, sala horrek "justifikatuta ikus dezan oinarrizko eskubideen murrizketa, eskatutako neurri zehatzari dagokionez".
Ministerio Fiskalak ez dio uko egin luzapena baimentzeari, uste baitu "beharrezkoa" dela, dauden kutsatze-datuak ikusita eta, txertatutako eta txertatu gabeko pertsonen osasuna babesteko.