Koronabirusa
LABIk onartutako neurri berriak gaur sartu dira indarrean
EITB Media
LABIk onartutako neurri berriak asteazken honetan sartu dira indarrean. Kontsultatu hemen zerrenda osoa.
LABI instituzionalak pandemiari aurre egiteko astelehenean onartu zituen neurri berriak asteazken honetan sartu dira indarrean, gauerdian. Hauek dira neurri horiek:
Harreman sozialak
Dekretu berriaren arabera, jarduera guztietan baimendutako gehienezko edukiera % 60koa izango da lokal eta instalazioetan, muga berezi bat duten kasuetan izan ezik.
Oro har, edozein motatako gizarte-, kultura- edo kirol-ekitalditarako esparruetan ezarriko da gehienez ere 600 pertsona bildu ahako direla barnealdean eta 800 pertsona kanpoaldean.
- 600 eta 5.000 pertsona arteko edukiera duten esparruetan: gehienez ere 800 pertsona bildu ahalko dira barnealdean eta 1.200 kanpoaldean.
- 5.000 pertsonatik gorako edukiera duten esparruetan: gehienezko edukiera ezingo da % 30etik gorakoa izan, eta prebentzio-neurri orokorrak bete beharko dira.
Komertzioak eta ostalaritza
Lokalak ixteko muga-ordutegia bere horretan utzi du LABIk; beraz, 01:00a izango da merkataritza-, gizarte- eta kultura-jarduera guztiak (beranduenez) amaitzeko ordua, baita III. eta IV. taldeetan sailkatutako gazte-lokalen eta gaueko aisialdiko establezimenduak ixtekoa ere.
Horrekin batera, ostalaritza-establezimendu eta jatetxeetan, edukieraren % 50 ezarri dute barrualderako. Barnealdean zein terrazan, gehienez ere zortzi lagun bil daitezke mahai bakoitzean edo mahai talde bakoitzean, bizikideak ez badira.
Azkenik, barran edo zutik kontsumitzeko debekuari eusten zaio, barruan zein kanpoan. Arau berberak aplikatuko zaizkie joko-lokalei eta txokoei edo elkarte gastronomikoei.
Musukoak
Dekretu berriak zuzendu egiten du hondartzetako eta igerilekuetako joan-etorrietan eta ibilaldietan maskarak erabiltzeari buruzko atala. Asteazkenetik aurrera, nahitaezkoa izango da musukoa erabiltzea, pertsonen arteko gutxieneko distantzia etengabe gorde ezin bada.