Itxi

Istiluak

Eusko Jaurlaritzak gaitzespenik irmoena egin du 'ez-jaietako' istiluen aurrean

Agentziak | EITB Media

Leer en Castellano

Bingen Zupiriaren ustez, istilu horiek "arauekiko eta elkarbizitzarekiko errespetu falta dira eta kezka sortzen dute".

Kalteak Donostian istiluen ondoren.

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak Jaurlaritzaren "gaitzespenik irmoena" berretsi du, Euskal Autonomia Erkidegoko hainbat udalerritan (Plentzian, esaterako) gertatu diren istiluen aurrean, "elkarbizitzaren aurkako jokabideak" direlako.

Bizkaia Irratian egindako elkarrizketa batean, Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak esan du uda, oro har, lasaia izan dela Euskadin, baina, "lasaitasun horretan, agian istiluek garrantzi handiagoa hartu dute". Zupiriaren esanetan, istilu horiek "arauekiko eta elkarbizitzarekiko errespetu falta dira eta kezka sortzen dute".

"Jarrera irmo, argi eta zorrotzak izan beharko genituzke edozein indarkeria motaren aurrean, batez ere, erakundeetan lan egiten dugunok edo politikatik hitz egiten dugunok, eta istilu horiek kaleetan sortzen dituztenek oso argi izan beharko lukete gizartearen gehiengoak, erakundeek, sistema politikoak eta familiek ez dituztela jokabide horiek onartzen", gaineratu du.

Halaber, Euskadin bakarrik gertatzen ez den zerbait dela esan du, Estatuan eta Europan ere istiluak gertatzen direlako, eta ez dakiela "fenomeno berri bat edo forma berri bat hartu duen betiko fenomeno bat" den.

"Agian bigarrena izango da, baina guztien betebeharra da hurbiletik jarraitzea, eta egoera horien aurrean oso zorrotzak izatea", gaineratu du Zupiriak.

Albisteak (2)