Koronabirusa
Futbol estadioetako edukierak % 60ra artekoak izan ahalko dira, baina EAEn % 30ekoak izango dira oraingoz
AGENTZIAK | EITB Media
Osasun Ministerioak eta erkidegoek edukiera berriak onartu dituzte. Nafarroan, Foru Gobernuak ez du oraingoz baieztatu % 60ko edukiera baimenduko duen.
Espainiako Gobernuak eta autonomia erkidegoek estadioetan baimendutako gehienezko edukierak handitzea adostu dute asteazken honetan. Hain zuzen ere, futbol estadioetan % 60 artekoak izan ahalko dira, eta saskibaloi pabiloietan, aldiz, % 40koak.
Euskal Autonomia Erkidegoan, baina, edukierak % 30ekoak izango dira oraindik, astelehenean LABIk % 20tik % 30era igotzea erabaki zuelako. Nafarroan, bestalde, Foru Gobernuak ez du oraindik iragarri % 60ko edukiera baimenduko duen.
Osasun Ministerioak eta erkidegoek osatzen duten Lurraldearteko Osasun Batzordeak bilera egin du gaur, eta irail osoan indarrean izango diren aipatu edukierak onartu ditu. Hori bai, erkidegoek beste portzentaje zorrotzagoak ezarri ahalko dituzte. Orain arte, Estatu osoan gehienez baimendutako aire zabaleko estadioetako edukiera % 40koa zen Estatu osoan, eta pabiloi itxietakoa, aldiz, % 30ekoa.
EAEko Lehen Mailako futbol estadioetan, hauek dira oraingoz baimenduta dauden edukierak: 16.000 pertsona San Mamesen, 11.850 Anoetan eta 6.000 Mendizorrotzan.