Itxi

Istripua

Hiru gazte hil dira Soraluzen izandako zirkulazio-istripuan

Agentziak | EITB Media

Leer en Castellano

Hildakoak Herbeheretako bi neba-arreba eta horien lagun bat dira, 19 eta 20 urte artekoak hirurak.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Hiru pertsona hil dira, horietako bi neba-arrebak, ostegun honetan Soraluzen (Gipuzkoa), AP-1 autobidean auto batek eta kamioi batek izandako zirkulazio-istripu batean, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.

Autoan zihoazen hiru gazteak Herbehereetan bizi ziren. Horietako bi, 19 eta 20 urtekoak, anaiak ziren, eta hirugarrena, 20 urtekoa, haien laguna zen.

Istripua 10:00ak aldera jazo da, AP-1 autobideko 145. kilometroan, Eibarrerako noranzkoan, Soraluze parean.

Opel Mokka auto batek Volvo kamioi baten aurka talka egin du, eta, autoan zihoazen bi bidaiari unean bertan hil dira. Hirugarrena handik eta ordu batzuetara hil da, Donostiako Ospitalean.

Autoko hiru bidaiarietako bi autoan harrapatuta geratu dira, eta Gipuzkoako suhiltzaileek erreskatatu behar izan dituzte. Gainera, kamioiak zeramatzan lastozko fardelek su hartu dute, eta suhiltzaileek sua itzali behar izan dute.

Larrialdietako hainbat baliabide eta Ertzaintzaren patruilak bertaratu dira. Zirkulazioa etenda geratu da Bilborako noranzkoan, eta auto-ilarak sortu dira.

15:15ean zirkulazioak normaltasuna berreskuratu du AP-1 autobidean, ibilgailuak erretiratu eta errepidea garbitu ondoren.

Bideoak (1)