Eguraldia
Abisu horiak indarrean jarraituko du astearte honetan EAEn, tenperatura altuengatik
Agentziak | EITB Media
Hego-ekialdeko haizea nagusituko da astearte honetan; beraz, tenperatura oso altuak izango dira lurralde osoan, eta goizaldea ere oso beroa izango da. Gainera, abisu horia izango da EAE osoan baso-sute arriskuagatik.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak abisu horia izango du indarrean tenperatura altuengatik asteartean; izan ere, baliteke egunean zehar 36 ºC-ra iristea Bizkaian eta Gipuzkoan eta 20-25 ºC artean izatea gauean lurraldeko zenbait tokitan.
Astelehen honetan, beroak 39,8 graduko tenperatura maximoa utzi du Sodupen (Gueñes), eta 37,9 gradukoa Deustun (Bilbo).
Euskalmetek eskainitako datuen arabera, 36,3 gradu harrapatu ditu termometroak Arrasaten, eta 34,9 gradu Miramonen (Donostia).
Segurtasun Sailak ohar batean nabarmendu duenez, gaur gauean baliteke termometroa 20-25 ºC-tik behera ez jaistea zenbait tokitan.
Abisu horia, beraz, asteartean ere izango da indarrean, tenperatura altu iraunkorrengatik. 21 eta 33 ºC arteko tenperaturak espero dira kostaldean, eta 20 eta 35 ºC artekoak Bizkaiko eta Gipuzkoako barnealdean. Dena dela, erdi-mailako hodeiek eta goi-hodeiek zerua apur bat lainotuko dute.
Hego-ekialdeko haizea izango da nagusi, asteartean indarra hartuko baitu; beraz, tenperaturak oso altuak izango dira lurralde osoan, eta goizaldea ere oso beroa izatea espero da.
Halaber, Segurtasun Sailak abisu horia ezarri du baso-sute arriskuagatik astelehen gauerditik astearte gauerdira arte EAE osoan.
Dena dela, astearte arratsaldetik aurrera, haizeak mendebaldera edo ipar-mendebaldera egin lezake kostaldean, eta zaparrada txikiren bat bota lezake egunaren amaieran han-hemenka.
Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian ez dute muturreko eguraldiarengatik alertarik ezarri.