Koronabirusa
Sagardui "itxaropentsu" dago ikasturtearen aurrean, 12 urtetik gorako ikasleen % 80k hartu baitute txertoa
A. S. | EITB MEDIA
Osasun sailburuak txertoa hartzeko deia egin die 20 eta 35 urte bitarteko pertsonei, adin-tarte horretan txertaketa % 80tik behera baitago.
Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburua baikor agertu da pandemiaren bilakaerarekin, eta ondorengo asteak erabakigarriak badira ere "itxaropentsu eta ilusioz beteta" dago ikasturte berriaren aurrean.
Osasun sailburuak gazteei eskerrak emanez hasi du Gobernu Kontseiluaren osteko prentsaurrekoa; izan ere, ikasturte berriaren atarian, 12 urtetik gorako ikasleen % 80k gutxienez dosi bat hartuta du dagoeneko.
Horren iritzian, "oso positiboa" da Euskal Autonomia Erkidegoko gazteen erantzuna. "Eskerrik asko gure deialdiari erantzuteagatik" esanez eskertu du horien jarrera.
Txertaketa erritmo onean doa, sailburuaren arabera. Xede-populazioaren % 88,7k txertoaren dosi bat du gutxienez jarrita, eta % 82k, berriz, pauta osoa du.
Hala ere, Sagarduik txertoa hartzeko deia egin die 20 eta 35 urte bitarteko pertsonei, adin-tarte horretan txertaketa % 80tik behera baitago. Gainera, Osakidetzak sms-ak bidaliko dizkie berriro talde horren baitan oraindik txertoa hartu ez dutenei."Oraindik garaiz zaudete. Sar zaitezte Osakidetzaren webgunean eta eskatu hitzordua", esan die.
Sailburuak ziurtatu duenez, egoera epidemiologikoaren bilakaerak "beheranzkoa" izaten jarraitzen du, baina "motelagoa", asistentziari dagokionez; hori dela eta, "zuhurtzia" eskatu du, baina itxaropenez eta ilusio handiz begiratu dio ikasturte berriaren hasierari.
Ospitaleko presioa poliki-poliki hobetzen ari da Euskadin. Azken 24 orduetan, bederatzi pertsona irten dira zainketa intentsiboetako unitateetatik, baina 62 pertsona daude larri oraindik koronabirusak jota. Gela arruntetan, berriz, 195 gaixo daude.
Intzidentzia-tasa metatuak behera egiten jarraitzen du, 100.000 biztanleko 14 egunean 240,21 kasukoa baita, aurreko egunean baino 11,77 puntu beherago.