Itxi

Koronabirusa

2022ko ekainerako mundu guztiarentzat nahikoa txerto ekoiztea espero du botika-industriak

Agentziak | EiTB Media

Leer en Castellano

Aurreikuspenak "botila-lepo handirik ez badago" soilik beteko direla ohartarazi du Farmazia Ekoizle eta Elkarteen Nazioarteko Federazioak (IFPMA).

Pfizer potoak hutsik. Argazkia: EFE

Covid-19aren aurkako txertoen ekoizpena 7.500 milioi dosira helduko da hilabete honetan, eta 24.000 milioi dosira iritsiko da 2022ko ekainean, nahikoak mundu osoko heldu guztiak immunizatu ahal izateko, botika-industriako nazioarteko elkarte nagusiak gaur aurreratu duenez.

Akaso lehenago, 2022ko urtarrilean, dosi nahikoak izango dira eskuragarri "kontinente guztietako heldu guztientzat", baina gutxienez beste bost hilabete beharko dituzte banatzeko, Farmazia Ekoizle eta Elkarteen Nazioarteko Federazioak (IFPMA) azaldutakoaren arabera.

Aurreikuspenak "botila-lepo handirik ez badago" soilik beteko direla ohartarazi du. Munduko heldu guztiak txertatzeko, dosien banaketa bidezkoagoa beharko dela erantsi du, eta botika-industriak horretan lagunduko duela agindu du.

Horren esanetan, hasieran zailtasunak izan ziren, batez ere banaketa arazoak, baina gaur egun hilean 1.500 milioi dosi inguru ekoizten direla azpimarratu du. Ekoizpena areagotzeari, hornidura kateen hobekuntzari eta teknologia transferitzeko akordioei esker lortu dutela erantsi du.

Airfinityk egindako estatistiken arabera, aurten, nahiz eta herrialde garatuenek hirugarren dosi bat onartu, 1.200 milioi dosi izango dira garapen bidean dauden herrialdeetan banatzeko prest.

Munduko Osasun Erakundeak (MOE) hilabeteak eman ditu ohartarazten: covid-19aren kontrako txertoen % 80 diru-sarrera handiak eta ertainak dituzten herrialdeetan banatu dituzte. Hala ere, hilabete honetan herrialde txiroenetan herritarren % 10ek dosiak jasotzeko helburua finkatu du MOEk, arrisku handieneko taldeetara iristeko.

Albisteak (2)