Itxi

KORONABIRUSA

Behera egin dute berriro positiboek Nafarroan, 50en bueltan kokatuta

Eider Garaikoetxea | EITB Media

Leer en Castellano

Gizonezko bat hil da eta zazpi pertsona ospitaleratu dituzte azken orduetan Nafarroan. Guztira, 53 positibo hauteman dituzte.

Laborategiko langileak, proba diagnostikoak eskuan. Artxiboko argazkia: EFE

Azken orduetan, 71 urteko gizonezko bat hil da eta zazpi pertsona ospitaleratu dituzte Nafarroan, horietako bi, ZIUetan. Guztira, 1.291 diagnostiko proba egin dituzte eta, horietatik guztietatik, 53 kasu positibo hauteman dituzte, bezperan baino 17 gutxiago. Horrela, positibotasun tasa % 4,1ekoa da.

Barañainen atzeman dituzte positibo gehien; sei, hain zuzen ere. Mendabian eta Iruñeko Arrotxapea auzoan, bestalde, launa kasu zenbatu dituzte.

Ospitaleratzeei dagokienez, gaur egun 68 pertsona daude ospitaleratuta, horietatik 23 zainketa intentsiboetan.

Txertaketa erritmo onean doa, eta astearte honetan 4.274 dosi eman zituzten; horien ondorioz, 949.226 dosi inokulatu dituzte guztira, eta 493.472 lagunek dute jarraibide osoa.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Albisteak (2)