HEZKUNTZA
Hezkuntzan estrategia komun baten itxaropenarekin eman dio hasiera Bildarratzek ikasturte berriari
A. S. | EITB MEDIA
Hezkuntza sailburuak beharrezkotzat jo du hezkuntza eguneratzeko eta modernizatzeko lan egitea: estrategia komun bat definitzea, bertan hezkuntza-eragileek eta politikariek datozen urteetarako erronka eta estrategia nagusiak ados ditzaten.
Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak ikasturte berria abiatu du, hezkuntza komunitate osoaren artean estrategia komun bat zehazteko itxaropenarekin, "gure jarduna modernizatu, eguneratu eta hobetzeko"; izan ere, hezkuntza "gure gizartearen parte" dela nabarmendu du.
Gasteizko Luis Elejalde - Rogelia de Álvaro Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxean izan da asteazken honetan Bildarratz, ikasturte berriari hasiera emateko. Bisitaren ostean, sailburuak urte berrirako erronka berriak azaldu ditu, eta, besteak beste, hezkuntza eguneratu eta modernizatzeko lan egitea eskatu du, estrategia komun bat zehaztuta, bertan hezkuntza-eragileek eta politikariek datozen urteetarako erronka eta estrategia nagusiak ados ditzaten.
Aurreko ikasturtean hezkuntza komunitate osoak egindako lan bikaina azpimarratu du sailburuak, eta pandemiaren aurrean zuhur agertu da, covid-ak oraindik ere hor jarraitzen duelako.
Ildo horretan, aurten ere Hezkuntza Sailak pandemiaren ondorioz iaz covid-19a dela eta jarritako baliabide gehigarri guztiak mantenduko dituela zehaztu du, bai higiene- eta segurtasun-materialak, bai errefortzuko profesionalak: irakasleak, garbitzaileak, jantokietako langileak eta sukaldeko langileak.
Hala ere, ikasturte honetan hezkuntzaz gehiago eta pandemiaz gutxiago hitz egiteko itxaropena agertu du Bildarratzek. Gainera, aurten irakasleen figurak dagokion prestigio soziala berreskuratzea nahi duela adierazi du, behin baino gehiagotan erakutsi baitu bere konpromisoa eta gizarteari egiten dion ekarpen guztia.
2021-2022 ikasturtea unibertsitatez kanpoko hezkuntza-etapetan 366.697 ikaslerekin hasi da, Haur Hezkuntza eta Batxilergoa bitarteko ikasleak eta Lanbide Heziketakoak zenbatuta. Datu horren arabera, ikasleen kopurua % 1,41 jaitsi da iazko ikasturtekoarekin alderatuta. Beherakada hori jaiotzak gutxitu direlako izan dela esan du sailburuak.
Abiatu da, beraz, bigarren urtez jarraian pandemia lege izango duen ikasturte berria Euskal Autonomia Erkidegoan. Berrikuntzei dagokienez, eskolaz kanpoko ekintzak eta eskola kirola berreskuratuko dira hasieratik bertatik. Gainera, jada ez da beharrezkoa ikastetxeen atarian tenperatura hartzea.