Itxi

Koronabirusa

Neurriak arintzeko eta pandemiaren beheranzko joera egonkortzen den ikusteko 15 egun itxarongo ditu Euskadik

EiTB Media

Leer en Castellano

Jonan Fernandezek ez du "zentzuzkoa" ikusten une honetan neurri murriztaileak arintzea. Gainera, Delta aldaera kasuen % 95 direla gogorarazi du.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Neurriak arintzeko eta pandemiaren beheranzko joera egonkortzen den ikusteko 15 egun itxarongo ditu Euskadik. Jonan Fernandez LABIko batzorde teknikoaren koordinatzaileak ez du "zentzuzkoa" ikusten une honetan covid-19aren aurkako neurri murriztaileak arintzea. Zentzu horretan, oraindik toki zehatzetan maskara derrigorrez erabiltzea beharrezkoa dela uste du.

Gainera, dagoeneko Delta aldaera Euskadin baieztatzen dituzten kasuen % 95 direla gogorarazi du. Iragan ekainetik aldaerak bilakaera "harrigarria" izan duela onartu du arduradunak.

Eusko Legebiltzarreko Osasun Batzordearen aurrean agerraldia egin du Fernandezek asteazken honetan, egoera epidemiologikoaren berri emateko. Azken 14 egunetan 100.000 biztanleko 223 kasuko intzidentzia metatua du EAEk, iragan asteartean baino 17 puntu gutxiago.

Txertaketa kanpainari dagokionez, biztanleen % 83 immunizaturik dagoela jakitera eman du koordinatzaileak.

Azken hilabeteetan covidaren Delta aldaerak izan duen "bilakaera harrigarria" hizpide izan du Fernandezek. Ekainaren 25ean, aldaera koronabirus kasuen % 15 zen Euskadin, egun, ordea, kasuen % 95 da.

Intzidentzia 150 kasuren azpitik jaistea

LABIko batzorde teknikoaren koordinatzaileak adierazi duenez, covidaren intzidentzia metatua 150 kasuren azpitik kokatzea; ZIUetako okupazioa Biziberri planaren '1 agertokiko' kopuruetara murriztea; eta urriaren amaierarako 12 urtez gorako biztanleen % 90ek txertaketa bukatzea izango dira datozen asteetarako helburuak.

Fernandezen hitzetan, LABIk "datorren asteetan eta hilabeteetan, gaixotasuna gizartearen funtzionamenduarentzako kritikoa izateari uzten dion unea erabakitzeko erronka izango du". Gogoeta horrek "inflexio puntua suposatu dezake pandemiaren kudeaketan", erantsi duenez.

Etorkizunean "agertoki positibo batean pentsatzeko" egoera ikusten du Fernandezek. Hala ere, pandemiaren olatu ezberdinen "iraganeko eskarmentuak" gogorarazi ditu. Horregatik, agertoki desberdinekin lan egin beharra dutela gaineratu du.

Bilakaera epidemiologikoak hobetzen jarraitzea eta neurriak "arintzea" posible da, ordutegiak eta aforoak barne, "normaltasun handiagoa" lortuz, onartu duenez.

Oposizioa

Bestalde, udako geldialdia baino lehen Eusko Jaurlaritzak Legebiltzarrean egindako agerraldiekin alderatuta, pandemiaren kudeaketan "ezer gutxik hobera" egin duela salatu du Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkideak.

Fernandezen azalpenetan "sakontasun handiagoa" faltan bota du Jon Hernandez Elkarrekin Podemos-IUko legebiltzarkideak, pandemiari eusteko Jaurlaritzak hartutako neurrien eragina neurtu ahal izateko.

Azkenik, Laura Garrido PP+Cs koalizioko ordezkariak ikasturte berriaren hasieran 12 urtez beherakoen artean eman daitezkeen positiboengatik bere "kezka" agertu du, haientzako txertorik ez dagoelako.

Albisteak (2)

Bideoak (1)