Itxi

Elkarrizketa

Sagarduik iragarri du txertaketa-zentro handiak irailaren 30ean itxiko dituztela

Eider Garaikoetxea O. | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak jakinarazi duenez, "hiru astetan" 12 urtetik gorako biztanleen % 90ek jarraibide osoa izango du.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburua "baikor eta ilusioz beteta" agertu da pandemiak Euskadin duen "bilakaera onagatik" eta, batez ere, txertaketaren arloan emandako "urrats handiagatik". Izan ere, aste honetan xede-populazioaren (12 urtetik gorako pertsonak) % 90ek dosi bat izango du gutxienez, eta "aste gutxiren buruan" talde horretako 10 pertsonatik 9k jarraibide osoa izango dute.

Radio Euskadiri eskainitako elkarrizketa batean, sailburuak iragarri du mugarri horrek aldaketa ekarriko duela Eusko Jaurlaritzaren txertaketa-estrategian, txertaketa-gune handiak irailaren 30ean itxiko baitituzte. "Argi utzi nahi dut, ez diogu txertoa jartzeari utziko, baina txertatuko diren pertsonen ehunekoa txikiagoa izango denez, txertaketak beste puntu batzuetan egingo ditugu", argitu du.

Transmisio datuei dagokienez, Sagarduik aurreratu du ostiral honetan Euskal Autonomia Erkidegoa (EAE) jaitsi egingo dela azken 14 egunetan 100.000 biztanleko pilatutako 200 kasuetatik. Euskadi, beraz, eremu horian kokatuko da. "Bide onetik goaz, espero dezagun ZIUek jarrera horri eustea", esan du.

Osasun sailburuaren hitzetan, bilakaera on horrek "normalizaziorako pausoak" ematen lagunduko du. Zentzu horretan, "egiteko modu berri bat" egongo dela esan du, baina prebentzio neurri batzuk oso eraginkorrak izan direla azpimarratu du, maskara kasu. "Geroz eta hurbilago egongo gara galdutakoa berreskuratzen joateko", iragarri du.

Hain justu, Iñigo Urkullu lehendakariak datorren ostiralerako, hilak 17, deitu du LABIren Aholku Batzordearen bilera. Datuen bilakaera ona ikusita, baliteke neurriak gehiago arintzea.

Bestalde, Sagarduik baieztatu duenez, urrian hasiko dira anbulatorioetan aurrez aurreko zerbitzuak eskaintzen, baina "pixkanaka" eta telefono bidezko filtroari eutsita.

Lan-eskaintza publikoa, "laster"

Etorkizunean Osakidetzan egingo dituzten lan eskaintza publikoen inguruan galdetuta, Sagarduik esan du "lan eskaintza publikoa" dagoela "begi bistan", baina gaia mahai sektorialean dagoela zehaztu du. "Pandemiarekin ere lanean aritu gara", azpimarratu du.

Sigue las recomendaciones ante el coronavirus de las autoridades sanitarias. Si vives en la CAV y presentas síntomas, llama a tu centro de salud habitual. También el Consejo Sanitario atenderá a las personas en el teléfono 900 20 30 50, ofreciendo información y resolviendo dudas sobre el coronavirus. Si vives en Navarra, llama al teléfono del Consejo Sanitario: 948 290 290. Recuerda que la manera más eficaz para prevenir la propagación de la covid-19 es la utilización de la mascarilla, airear los espacios, guardar la distancia de seguridad y el lavado de manos.

Albisteak (2)

Bideoak (1)