KORONABIRUSA
Covid-19ak 36 hildako eragin ditu azken astean Euskadin, aurrekoan baino 12 gehiago
Naiara Ballesteros | EITB MEDIA
Euskadiko intzidentzia-tasa metatua 155ean dago, azken 15 egunetan % 50 jaitsi ostean. Eguneroko gainerako adierazleek ere bilakaera positiboa izan dute.
36 pertsona hil dira azken astean Euskadin koronabirusaren ondorioz, aurrekoan baino 12 gehiago, Eusko Jaurlaritzak irailaren 6tik 12ra bitarteko asteko buletinean jakinarazi duenez. Maiatzeko lehen astetik hildako pertsonen kopururik altuena da.
Hildakoen hazkundearen datu negatiboa alde batera utzita, covid-19aren bilakaeraren gainerako adierazleek joera positiboa izan dute; izan ere, astearte honetan % 3ko positibotasuna atzeman dute, aurreko egunean baino puntu erdi gutxiago.
Eguneroko buletin epidemiologikoaren arabera, 6.510 proba diagnostiko egin dituzte astearte honetan, aurreko egunean baino 221 gehiago, eta horietatik 195 positiboak izan dira, aurreko egunean baino 23 gutxiago.
195 positibo berrietatik 102 Bizkaian atzeman dituzte, 70 Gipuzkoan, 20 Araban eta 3 autonomia-erkidegotik kanpo bizi diren pertsonen artean.
Covid-19aren intzidentzia-tasa metatuak beheranzko joerari eutsi dio Euskadin, eta 100.000 biztanleko 155,52 kasu izan dira azken 14 egunetan, bezperan baino hamaika puntu gutxiago eta duela bi aste erregistratutakoaren erdia; izan ere, irailaren 1eko 100.000 biztanleko 312 kasutik gaur egungo 155,52 kasura igaro da.
Araban 127,8 kasu daude, Bizkaian 152,7 eta Gipuzkoan 162,8.
Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak agerraldia egin du asteazken honetan Eusko Legebiltzarreko Osasun Batzordearen aurrean, egoera epidemiologikoaren berri emateko, eta pandemiaren bilakaerak etorkizunari "itxaropenez" aurre egitea ahalbidetzen duela berretsi du, baina beti "zuhurtziaz" jokatuta.
Ildo berean, birusaren birsorkuntza indizeak lau eguneko goranzko joera eten du, eta apur bat jaitsi da, ehunen bat, 0,83ra arte. R0 indizea 0,77ra jaitsi da Araban, 0,83an mantendu da Bizkaian eta 0,86ra jaitsi da Gipuzkoan.
Ospitaleetako presioak behera egiten jarraitzen du, hilabete honetako egun guztietan bezala, bitan izan ezik. Astearte honetan astelehenean baino 6 pertsona gutxiago ospitaleratu dituzte.
Zainketa intentsiboko unitateetan 53 paziente zeuden zainketa intentsiboen premian, aurreko egunean baino 1 gutxiago, eta 161 gela arruntetan, bezperan baino 5 gutxiago. Halaber, 31 pertsona ospitaleratu behar izan zituzten astelehenean eta 28 astearte honetan.
Bestalde, dagoeneko 5.000 biztanletik gorako hiru udalerri daude koronabirusaren transmisio gune berdean, hau da, 60 kasu baino gutxiagoko intzidentzia metatuarekin: Laudio (Araba), Ortuella (Bizkaia) eta Villabona (Gipuzkoa).
Eremu gorrian (400 kasu baino gehiago), berriz, Lekeitio Bizkaiko udalerria besterik ez dago.
Adinekoen egitzetako egoera
Arabako Foru Aldundiak jakitera eman duenez, Gasteizko Txagorritxu egoiliar bat hil da, koronabirusak kutsatuta ospitalean zela.
Pertsona hau txertatua zegoen eta aurretik ere hainbat patologia zituen.
Gaur egun bost lagun daude koronabirusak kutsatuta Arabako adinekoen egoitzetan (Aldundiarenak nahiz pribatuak), duela astebete baino bi gutxiago, beraz.
Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiak jakitera eman duenez, azken astean lau egoiliar kutsatu dira, horietako hiru Txagorritxun. Horietatik bik sintoma arinak dituzte eta hirugarrena ospitalean dago. Denak daude txertatuta.
Era berean, bi kutsatu izan dira Jesus Guridi zentroan ere. 19 langile daude uneotan bajan, izan kutsatuta daudelako, izan positibo izan den norbaitek kontaktu zuzen izan direlako.
Bizkaian bi egoiliar hil egin dira azken egunotan, biak txertatuta zeuden eta aurretiko patologia larriak zituzten. Bestalde, 80 dira kutsatutako egoiliarrak eta horietatik 14 ospitaleratuta daude, Bizkaiko Foru Aldundiak jakitera eman duenez.
29 dira positibo baieztatu duten egoitzako langileak, eta beste 30 isolamenduan daude, positibo diren ala ez baieztatzeke oraindik.
Gaur egun, guztira, 7 zentrotan daude koronabirus kasuak: Lekeitikoko Uribarren-Abaroa (33), Bilboko Kirikiño (11), Mungiako San Jose Etxe Alai (9), Bilboko Bilbozar (8), Bilboko Txurdinagabarri (2), Galdakaoko Santa Barbara (2) eta Amorebieta-Etxanoko Orue (1).
Gipuzkoan, berriz, bi erabiltzaile hil dira azken orduetan koronabirusagatik, Aldundiak jakitera eman duenez.
Bi hildakoak Donostiako Aldakonea zentrokoak ziren, eta gaur egun 14 kasu daude bertan.
Une honetan, Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitza-sarean 28 positibo daude, lau zentrotan banatuta. Aldakoneako 14 kasuez gain, 8 kasu daude Hondarribiko Betharramen, 5 Irungo Sortzez Garbian eta 1 Lasarte-Oriako Atsobakarrean.
Eibarko Ospitalean, covid-19 duten erabiltzaileak artatzeko erreferentziazko zentroan, 25 pertsona daude ospitaleratuta.
Euskadik pandemia kontrolatzeko beharrezko neurriak proposatzen jarraituko du
Bestalde, Iñigo Urkullu lehendakariak azpimarratu du Eusko Jaurlaritzak lanean jarraituko duela "pandemia kontrolatzeko beharrezkotzat jotzen dituzten neurriak hartzeko, gomendio zientifikoetan oinarrituta eta euskal gizartearen bizitzan ahalik eta orekarik handiena aplikatuz".
Urkulluk Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) 2021-2022 ikasturteari hasiera emateko ekitaldi solemnean egin ditu adierazpen horiek, besteak beste, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salak (Luis Angel Garrido epailea buru) futbol-zelaien edukiera % 30etik % 60ra igotzeko hartutako erabakiaren harira.
Lehendakariak azpimarratu duenez, "Euskadin, oraingoz, indarrean dagoen osasun larrialdi deklarazioarekin jarraitzen dugu", ekainaren 24an Eusko Legebiltzarrean onartutako legea aplikatuz.